Mendekotasunetik libratu ezinik

Alkohola, tabakoa edo drogen kontsumoa ahaztu nahi dituztenengan eragin berezia izaten du izotz-koskorrak, hautsontziak, orratzak eta beste zenbait gauza begien aurrean jartzeak. Horiek ikusteak mendekotasunean berriz erortzera eraman ditzake. Zergatik gertatzen da hori?

Bada zientzialarien ustez, mendekotasuna sortzen duten substantziek zerebroa sentikorrago bihurtzen dutelako gertatzen da. Zenbait ikerketaren arabera, edarietarako erabiltzen den izotz-koskorra edalontzira erortzen ikustea nahikoa izan daiteke alkoholiko izandakoarengan alkohol-egarria pizteko.

Michigan-eko Unibertsitateko psikologo-talde batek ikusi du mendekotasuna eragiten duten substantzien kontsumoak zerebroaren zenbait nerbio-sistemaren sentikortasuna areagotzen duela. Horrela, tarte luze batean kontsumitu gabe egon ondoren, zerebroa oso sentibera egoten da, eta alkohola, tabakoa edo dena delako droga gogorarazten dion edozein estimuluk geldiezina den irrika irrazionala pitz diezaioke.

Arratoiekin egindako saiakuntzetan oinarritu dira zientzialariak proposamen hori egiteko, eta orain mekanismo horrek gizakiengan nola funtzionatzen duten ikusi behar dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila