Orain dela 5,5 milioi urte inguru, mugimendu tektonikoek Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa banatu zituzten. Horrekin batera, gatz-biltegi erraldoi bat sortu zen Mediterraneoaren azpian. Zientzialariek 1970eko hamarkadatik zuten haren berri. Orain, aldaketa geologiko haren aurreko eta ondorengoko fosilak aztertuta, jakin dute espezieen % 11k baino ez zuela iraun, eta 1,7 milioi urte gerora arte ez zela aurreko espezieen ugaritasuna berreskuratu.
Hain zuzen, mugimendu tektoniko hark aldaketa gogorrak ekarri zituen gazitasunean eta tenperaturan, eta itsas ekosistema guztiek jasan zituzten ondorioak: 779 espezie endemiko zeuden aurretik; ondoren, 86 baino ez. Gero, Atlantikoa eta Mediterraneoa berriz konektatu zirenean, Atlantikoko espezieek Mediterraneoa kolonizatu zuten, eta espezieen dibertsitatean mailakatze bat sortu zen mendebaldetik ekialdera. Mailakatze horrek gaur egunera arte ere iraun duela aipatu dute. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Elhuyarrek garatutako teknologia