Materiala lumetan igotzen da Lurraren barrenetik

Materiala lumetan igotzen da Lurraren barrenetik
2010/03/01 | Elhuyar
Horrelako hainbat sismometro jarri zituzten itsas hondoan Lurraren mantuaren egitura ezagutzeko. Arg.: Gabi Laske, Scripps Ozeanografia Erakundea.

Lurraren mantu sakonetik ateratzen ari den arroka berozko luma baten irudia lortu dute Hawaii Unibertsitateko geologo batzuek Hawaiiko uharteetan. Adierazi dutenez, aurkikuntza horrek baieztatzen du mantuko lumak existitzen direla.

Orain arte, geologoek ezin izan dute azterketa zuzenik egin mantuan, eta lumak existitzen zirela susmo bat besterik ez zen, eredu teorikoek eta egindako ikerketek hori iradokitzen baitzuten. Neurketa zuzenak egiteko, seismoak neurtzeko esperimentu bat egin zuten Hawaiiko ikertzaileek. Izan ere, uhin sismikoak mantsoago hedatzen dira material beroak zeharkatzen dituztenean hotzak zeharkatzen dituztenean baino.

Hala, ozeanoaren hondoan uhin sismikoen hedadura-abiadurari antzemateko sentsoreak jarrita, 1.500 kilometroko sakonera arteko lurrazalaren eta Lurraren mantuaren egitura argitu ahal izan dute. Ikusi dute, besteak beste, lurrazalera iritsi ahala luma zapaldu egiten dela, eta lurrazalera iristeko 200 bat kilometro falta zaizkionean opil-itxura hartzen duela. Han, urtu egiten dira materialak, hedatu, eta zirrikituetatik gora igotzen dira.

1
262
2010
3
001
Geologia
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila