Mastodonteak: elefanteen urruneko ahaideak

Duela hamar bat urte, Ohioko (AEB) golf-zelai bateko eremu zingiratsuan mastodonte baten eskeletoa aurkitu zuten. Aurkikuntza hori oso garrantzitsua izan zen, alde batetik, hezurren aurkikuntzak berak duen garrantziagatik eta, bestetik, hezurretan hesteetako gaien aztarnak ere aurkitu zituztelako.

Garai hartan, Ohio Wesleyan Unibertsitateko Jerry Goldstein zientzialariak aztarna horiek bildu eta ugaztunen hesteetako traktuan bizi ohi diren zenbait bakterio kultibatu zituen. Orain, ostera, genetika-arloan egin diren aurrerapenak erabilita, mastodontearen ADNaren lagina lortu eta aztertzeari ekin dio. Orain arte gene bakarraren kopiak lortu baditu ere, aurrerantzean gene beraren kopia gehiago eta beste batzuen sekuentziazioa egiteko asmoa du. Mastodontea duela milioika urte bizi izan zen ugaztuna da.

Gaur egun, mastodonte amerikarra mamut siberiarraren ahaidea eta bi horiek egungo elefante asiarraren eta afrikarraren urruneko ahaideak direla uste da. Goldsteinen ikerketak harreman hori egiaztatu eta informazio gehiago lortzeko balioko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila