Maskarak eremu medikotik kalera eramateko proposamena egin dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

maskarak-eremu-medikotik-kalera-eramateko-proposam
Kitty LaRoar jazz-abeslaria, daraman soinekoaren oihal berarekin egindako maskara jantzita. Arg. Nicholas Shankland/BMJ

SARS-CoV-2 birusaren transmisioa eragozteko neurrien artean, maskararen erabilera hasieratik izan da eztabaidagai Euskal Herrian. Asiako herrialde askotan edo Txekiar Errepublikan ez bezala, adibidez, ez da derrigorrezkoa izan orain dela gutxira arte, eta, bitartean, ez da arau garbirik egon, ezta eraginkortasunari buruzko froga zientifiko nahikorik ere. 

Denborarekin, ordea, ikertzaileek frogatu dute birusa, ahotik kanporatzen diren tantaxketan ez ezik, aerosoletan ere garraiatzen dela. Aerosolak tantaxkak baino askoz ere txikiagoak dira, airean denbora gehiago irauten dute, eta urrunago iristen dira. Hortaz, bi metroko tartea ez da nahikoa infektatuta dagoen pertsona batek beste bat ez kutsatzeko, zintz edo eztula egitean, hiz egitean, edo, besterik gabe, indarrez arnastean. Horrenbestez, maskarak babes garrantzitsua dira, eta hala erakutsi dute maskararen erabilera eta infekzioaren hedapena erlazionatuz egindako ikerketek.

Hala ere, eztabaida ez da isildu, eta, eraginkorrak direla onartzen dituztenen artean ere, batzuek jarraitzen dute eztabaidatzen maskara-moten edo egoera eta leku jakinetan erabili beharraren inguruan. British Medical Journalen argitaratutako artikulu baten arabera, eztabaida hori ikuspegi medikotik egiteak eta maskarak elementu sanitario gisa aurkezteak erabilera galgatzen du. 

Egileen ustez, maskarei buruz ematen diren mezuak ez dira erakargarriak jendearentzat: maskara motak (kirurgikoak, FFP2…), jartzeko eta kentzeko protokoloak… Etxean edo lekuko ekoizleek egidako maskarak, izan oihalezkoak zein beste material batekoak, ez dira kirurgikoak bezain eraginkorrak izango, baina leku askotan kirurgikoak baino eskuragarriagoak dira eta errazago onartzen dira. Eta hitzez hitz diote: “Transmisioa eragozteko % 100 eraginkorra izan baina %10ak soilik erabiltzen duen neurriak inpaktu txikiagoa du, % 50eko eraginkortasuna izan baina % 95ak erabiltzen duenak baino”.

Hala, maskaren erabilera orokortzeko ahalegina egitea proposatzen dute egileek, tokian tokiko gako soziokulturaletara joz. Zenbait tokitan dagoeneko badute ahoa estaltzeko ohitura, adibidez, poluzioagatik; eta gizarte batzuek hobeto onartzen dituzte agintarien arauak, beste batzuek baino. Horregatik da garrantzitsua leku bakoitzeko egoera soziokulturala aintzat hartzea mezua egokitzeko. Helburua berbera litzateke: maskara ez dadila elementu medikutzat hartu, baizik eta ohiko osagarritzat. 

Hori lortzeko giltzarri bat ere aipatu dute ikertzaileek: elkartasunari eta komunitatearen segurtasunari dei egitea. Horren bidez, uste dute maskaren erabilera orokortuko litzatekeela eta hori lagungarria izango litzatekeela pandemiaren kolpea leuntzeko. 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila