Marten bizitzarik bai?


Nahiz eta orain planeta hila izan –oso eremu magnetiko txikikoa eta sumendik gabekoa–, beti pentsatu izan da Martek Lurraren antzeko egitura izan duela; hau da, burdinazko nukleoa, silikatozko mantua, eta arrokez osatutako azala. Eta beste gauza batzuetan ere badu antzekotasunik: egunak 24 ordu eta 37 minutuko iraupena du, urtaroak ditu, lainoak ditu bere zeruan, ibaien eta glaziarren arrastoak gordetzen ditu, eta abar. Bizitzarik egon ote da Marten?


Planetaren ezaugarrien berri izatearekin batera, meteoritoen ikerketaren ondorioz sortu dira horren inguruan dauden teoriak. Ezagunena 1996. urtean David McKay ikerlariak ‘Science’ aldizkarian argitaratutakoa da. McKayk dioenez, meteorito gehienek asteroideen arteko talketan dute oinarria. Gutxi batzuk, gainerakoetatik oso ezberdinak, SNC izenez ezagutzen dira, eta baliteke Martekoak izatea, beren konposizioaren zati diren mineralak Marteko ingurunearen antzekoetan sortu baitira. Batzuetatik gasa atera ahal izan da, Viking zundek aztertu zutenaren proportzio berean ateratzen dena.


ALH84001 meteoritoa Martetik etorritako 12en artean zaharrena da. 4.500 milioi urte dituenez, Marteko arroka zaharren parte dela pentsa daiteke. Meteorito horrek barne-pitzadurak ditu, duela 4.000 milioi urte sortutakoak, seguruenez talkaren uhinen ondorioz. Zirrikitu horietan ura sartu zenez eta mikrobioen eraginez, kaltzio karbonatozko noduluak osatu ziren, Lurrean bakterio batzuen ondorioz sortzen direnen oso antzekoak. Noduluen egituraren barrualdean nanobakterioen mikrofosilak izan daitezkeen batzuk ikusten dira. ALH84001 meteoritoa 1984. urtean aurkitu zuten.


Beste meteorito entzutetsu bat ere bada, Nakhla izenekoa, 1911. urtean Egipton jasotakoa. Bere pitzaduretan duela 700 urteko buztina aurkitu dute, hainbat mikrobioren fosilak izan daitezkeenak gordetzen dituena.


Azkenik, aurtengo martxoan McKayk berak mikrobio fosilen arrastoak omen dituen beste meteorito bat aurkeztu zuen, 165 milioi urte dituena eta 1965. urtean Indian erori zena. "Ez dugu inor konbentzitu nahi —adierazi zuen ikerlariak— jendea irekia izatea besterik ez dugu bilatzen".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila