Marte, uretan saltzen den planeta

Marte, uretan saltzen den planeta
2007/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Azkenik, ura aurkitu dute Marten... seigarren aldiz. NASAk letra handiz zabaldu du aurkikuntza komunikabide guztietan. Baina, oraingoan ere, letra txikia irakurri beharra dago: ez dute urik aurkitu, baizik eta ustez urak utzitako arrasto bat. Bi hondar-arrasto, Marteren gainazaleko bi tokitan, hain zuzen. 1999an eta 2001ean egin zituzten bi toki horien argazkiak, eta 2004an eta 2005ean errepikatu zituzten. Azken bi argazkietan hondar-jausi bana ikusten da lau urte lehenago horrelakorik ez zegoen tokietan, eta NASAko astronomoen ondorioa izan da ur-jario batek eragin dituela hondar-jausi horiek.

Alegia, ura aurkitu dutela, urik aurkitu gabe.

Ez da lehen aldia. Beste hainbatetan ere zabaldu dute ura aurkitu izanaren albistea, ura bera ez diren arrasto geologiko eta kimikoetan oinarrituta. Uraz hitz egin dute, baina urik aurkitu gabe.

(Argazkia: NASA)

Azken urteetan, hiru aurkikuntzatan oinarritu dira Marten ura dagoela esateko. Alde batetik, 2001ean, Mars Oddisey zundak hidrogeno-atomoak detektatu zituen Marteko hego poloan. Ez dira hidrogeno-atomo askeak, baizik eta molekulen parte. Baina zer molekula? NASAkoen arabera, ur-molekula zen hautagai nagusia. "Hidrogenoa dagoenez --esan zuten--, ura egon behar du".

Beste alde batetik, karbonatoak aurkitu zituzten. Karbonatoak ez dira eratzen uraren eraginez ez bada, eta, beraz, karbonatoak egote hutsak adierazten zuen Marten ura zegoela. Baina karbonatoen kopurua oso txikia zen; planetaren inguruko orbitatik, NASAren Mars Global Surveyor eta ESAren Mars Express zundek detektatu zuten minerala, baina planetaren gainazalean sulfatoak besterik ez zuen aurkitu Opportunity ibilgailuak. Orduan, azalpen bat eman zuten: sulfatoek eragotzi egiten dute karbonatoen sorrera. "Sulfatoak eta karbonatoak tartean egonda --esan zuten--, noizbait ura egon da Marten".

Azkenik, argazkietan aurkitu dituzte arrasto gehiago: Marteko azalean erreken arro lehorrak eta likidoak eragindako fenomeno geologiko asko ikusi dituzte; oraingo hondar-jausiak, besteak beste. Eta zein da hori guztia eragin duen likidoa? NASAren ustez, urak behar du izan.

Astronomo guztiak ez daude ados; karbono dioxido likidoa ere izan daiteke, edo hondarra bera maldan behera jausi izana. Baina urak, aukera zientifiko ona izanda ere, beste zerbait eskaintzen du: publizitatea. Ura dagoen tokian bizia sor daiteke. Hori bai, ura egoera likidoan baldin badago.

(Argazkia: NASA)

Ez dute ur likidorik aurkitu, ordea. Izan ere, logikoa da, bi arrazoirengatik: alde batetik, Marte Eguzkitik urruti dagoelako, eta, bestetik, txikia delako. Urruti egonda, oso tenperatura baxua du Marteko gauak, ur likidoa guztiz izozteko modukoa. Planeta txikia izanda, grabitate txikia du, eta ez ditu gas-molekula asko inguruan mantentzen; hau da, atmosfera mehe-mehea du, eta, beraz, presio atmosferikoa ere oso txikia du. Atmosferak presiorik egiten ez badu, Marteko egun argiaren tenperaturan ura lurrundu egiten da. Horregatik ez dute ur likidorik aurkitu; urik baldin badago, solido- edo gas-egoeran egongo da, ez egoera likidoan.

Agian ez da beti horrela izan. Agian, planeta sortu zenean atmosfera trinkoagoa izango zuen. Agian, garai bateko ur likidoa lurperatuta dago. Eta, agian, izoztuta. Nolanahi ere, NASAk eta ESAk ez dute ura aurkitu Marten.

1
227
2007
1
010
Astronomia
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila