Marrazoak eta arraiak % 70 gutxitu dira azken mende-erdian

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

marrazoak-eta-arraiak-70-gutxitu-dira-azken-mende-
Sphyrna mokarran marrazoa, galzori larrian dauden hiru espezieetako bat. Arg. Albert Kok / CC BY-SA 4.0

Munduko marrazoen eta arraien populazioak % 70 murriztu dira 1970etik aurrera. Eta, ondorioz, elasmobrankio-espezieen hiru laurden desagertzeko arriskuan daude. Emaitza horiek eman ditu nazioarteko ikerketa-talde batek egindako azterketa zabal batek. Nature aldizkarian argitaratu dute.

Zehazki, 1970 eta 2018 bitartean 31 espezieren bilakaera aztertu dute. Eta ondorioztatu dute, 31 espezie horietatik, 24 desagertzeko arriskuan daudela, eta horien arteko 3 galzori larrian daudela (IUCN Naturaren Kontserbarziorako Nazioarteko Erakundearen zerrendako kategoria larriena): Sphyrna lewini, Sphyrna mokarran eta Carcharhinus longimanus.

Espeziei horiengan eragin kaltegarria izan dezaketen hainbat faktore hartu dituzte kontuan, eta garbi ikusi dute gehiegizko arrantza dela arazo nagusia. Hala, ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela lehenbailehen neurriak hartzea, zehazki, arrantzatzeko mugak jartzea, populazioek onera egin dezaten.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila