Marmokek badute zeresana karbonoaren zikloan

Ozeanografoak aspaldian dabiltza itsas hondoko karbonoaren zikloa ezagutu nahian, baina ziklo osoa ezagutzeko piezak falta dituzte oraindik ere, antza. Bada, falta zuten garrantzizko piezetako bat marmokak dira, larbazeoak, batez ere.

Larbazeoak zooplanktonaren parte dira, oso txikiak, beraz; baina metro bateko zabalera izan dezakete inguratzen dituen sarea kontuan hartzen bada. Izan ere, larbazeoa mukusarekin egindako sare antzeko batzuekin inguratuta dago
—sare horietan iragazitako nanoplanktonarekin elikatzen dira—. Sarea 'zahartzen' denean, bota eta beste bat egiten du larbazeoak. Botatako sare hori itsas hondora erortzen da, eta bidean topatzen dituenak berekin eramaten ditu.

Kalifornian, Monterreyko Badiako akuarioko ikertzaile batzuek sare horiek hondora eramaten duten sedimentu-kantitatea neurtu dute, eta, dirudienez, detritua adinakoa da, hau da, hildako animalien hondakinak adinakoa. Kantitate hori karbonoaren zikloan kontuan hartzekoa da. Neurketa egiteko, besteak beste, itsas hondoaren grabaketak erabili dituzte; eta, zaila den arren, larbazeo-aleak bildu ere egin dituzte robot baten bidez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila