Elhuyar Fundazioa
Marie Eugène François Thomas Dubois, Holandako hegoaldeko Eijsden-en jaio zen 1858. urteko urtarrilaren 28an. Gaztetan medikuntza eta historia naturala ikasi zituen eta harez gero anatomia eta geologiarako joera nabarmendu zitzaizkion.
Darwinek 1859. urtean bere eboluzio-teoria argitaratu zuenez gero, gizakiaren jatorriaz zientzilari asko zegoen arduratuta. Gizakiaren lehen arbaso tximino edo antzekorainoko katea osatzeko maila bat falta zitzaien eta Dubois maila hori aurkitzen aritu zen burubelarri.
Darwin bera, Lyell eta Huxley aritu ziren eboluzioaren teoria hautespen naturalaren bidez gizakiari aplikatzen, baina benetako froga bezala harrizko lanabes zahar batzuk eta giza gorputzaren arrasto gutxi batzuk besterik ez zeuden.
1850. urte inguruan Neanderthal gizakiaren eskeletoak aurkitu ziren. Zientzilari batzuek haiek aztertuta (Paul Broca-k esate baterako) haiek giza espezie zahar baten hondakinak zirela zioten, baina beste zenbaitek (Rudolph Virchow-k adibidez) agian istripu edo gaitzen batek deformatutako gizakienak zirela zioen.
Dena dela, oraingo gizakienak baino lehenagokoen fosilak behar ziren, aldi berean tximinoen antzeko arbasoenak baino eboluzionatuagoak izango zirelarik. Tarteko maila falta zitzaien beraz, eta Dubois irrikitzen zegoen maila huraxe aurkitzeko. Duboisen ustetan, lehen gizakiak oraindik ere tximino asko dagoen lekuetan bizi behar izan zuen; Afrikan eta Asiako hegomendebaldean. Afrikan gorilak eta txinpantzeak daude, eta Asiako hegoaldean orangutana eta giboia. Giboiak kilikatzen zuen gehiena Dubois paleontologoa, Ernst Haeckel-ek zioenez gizakiarengandik hurbilen zegoen tximinoa bera zelako. Geroztik ordea, baieztapen hori ez dela zuzena frogatu da.
1889. urtean armadan zerbitzen ari zela, Holandako gobernuak Java irlara bidali zuen hango fosilak aztertzera. (Ez da ahaztu behar Java garai hartan holandarren kolonia zela). Dubois oso pozik joan zen, noski; bere ametsa horixe bait zen. Urte gutxiren buruan, garezur bat, femur bat eta bi hortz aurkituak zituen. Lehen gizakiaren fosilak ziren haiek dudarik gabe. Garezurra, oraingo tximinoena baino askoz ere handiagoa zen, baina aldi berean oraingo edozein gizakirena baino askoz ere txikiagoa ere bai. Hortzak berriz, gizakiaren eta tximinoaren hortzen tartekoak ziren.
Duboisek hezur haiek zituen izakiari Pithecanthropus erectus (tximino-gizaki zuta) izena ipini zion eta bere xehetasun guztiak 1894. urtean argitaratu zituen. Berebiziko eztabaidak sortu ziren Duboisen lana argitaratu orduko. Izan ere gizakiaren jatorria eta eboluzioa berez oso gai arantzatsuak dira eta garai hartan are eta gehiago. Gainera gizakiaren eboluzioaren urratsak hezur-pusketa batzuetan oinarrituta zehatz baieztatzeak gehiegikeria zirudien.
Geroztik antzeko aurkikuntzak egin dira Txinan eta Afrikan eta poliki-poliki frogak pilatuz gizakiaren jatorrirainoko katemailak zehazterik egon da. Gizakiaren kasuan beraz, eboluzioa teori mailatik frogapen praktikoen mailara pasatzerik egon da. Lan horretan gainera Dubois aitzindaria izan dela ez dago ukatzerik.
Dubois 1895. urtean Europara itzuli zen eta lau urte geroago Amsterdameko unibertsitatean geologi irakasle izendatu zuten.
Duboisek bere bizialdiko azken urteetan aldaketa arraroa izan zuen bere pentsakeran. Zaharturik eta hainbeste eztabaidaz asperturik zegoenean, bapatean bere ikuspegia aldatu egin zuen. Antropologoen komunitatea Javako gizakia edo Pithecanthropus erectus izakia gizakiaren arbasoa zela erabat konbentziturik zegoenean, bera hori ukatzen hasi zen. Behin eta berriz esaten zuen fosil haiek tximinoren baten eskeletokoak zirela eta ez lehen gizakiaren eskeletokoak.
Eugène Dubois azkenean laurogeitabi urte zituela hil zen Belgikako Halen herrian; 1940. urteko abenduaren 16an. Aurten beteko da beraz hil zeneko berrogeitamargarren urteurrena.