Estatu Batuetako Maryland estatuko Rockville-n kokatuta dagoen Genoma Ikerketarako Institutuan (TIGR), beste zenbait zentro eta unibertsitaterekin elkarlanean, malaria eragiten duen parasitoaren kode genetikoaren zati bat haustea lortu dute. Lorpen horrek gaixotasun hiltzaile zahar horren kontra botikak eta txertoak disenatu ahal izateko aukera berriak zabalduko ditu.
Orain arte Plasmodium izena duen parasito horren kromosoma bakar bat sekuentziatu ahal izan dute, baino ikerlariek uste dute oso lorpen garrantzitsua dela botika eta txertoei bidea irekitzeko. 200 genetik gora identifikatu dituzte eta, ikerlarien iritziz, horietariko gehienak funtsezkoak dira parasitoaren zereginetarako. Adibidez, parasitoaren azaleko proteinen ekoizpena kontrolatzen duten zenbait gene identifikatu dituzte. Horrelako proteinak bakterio, birus edo parasitoen kanpoko geruzan egoten dira eta gorputzaren sistema inmuneak horiexek erabiltzen ditu izaki horiek inbaditzailetzat identifikatzeko, baina zenbaitetan mikrobioak ere azaleko proteinak mozorrotzeko, itxuraldatzeko, erabil ditzake. Kasu honetan, ikerlariek azaleko proteina-familia handi bat kontrolatzen duen gene-talde bat aurkitu dute eta, haien ustez, proteina horiexek dira parasitoari sistema inmunearen erantzunetik ihes egiten laguntzen diotenak. Hortaz, gene horiek eta horien menpe dauden proteinak hobeto ezagutzeak malaria kontrolatu ahal izateko estrategia berriak garatzen lagunduko duelakoan daude.
Plasmodium falciparium malaria eragiten duen lau parasitoetako bat da. Parasito hauek eltxoek garraiatzen dituzte infektatuta dagoen animalia edo pertsona bati heldu ondoren eta hurrengo bati heltzean parasitoa uzten diote. Parasitoa zelulabakarra da eta, gorputzen sartu ondoren, gibelera iritsi eta ugaldu egiten da, ondoren odolaren bidez gorputzean zabalduz. Malariak sukarra eta gripearen antzeko sintomak eragiten ditu, baina haurdun dauden emakumeei eta haurrei oso sukar handiak eragiten die eta hilgarria izan daiteke. Gaixotasun honen ondoriak benetan latzak dira: urtean 500 miloi pertsona infektatu eta egunean 3.000 haur inguru hiltzen ditu. Ez dago haren aurkako txerto benetan eraginkorrik eta, gainera, barietate batzuk botikekiko erresistente bilakatu dira. Azken aurkikuntza honi esker, malariaren aurkako borrokan aurreratu ahal izango dela uste dute ikerlariek.