Luzatzen diren nerbioak

Irudi honetan ebakitako bi nerbio erakusten dira. Beheko nerbioan bi muturrak ez dira inoiz elkartuko, baina goikoan, bi muturrak luzatzen hasiak daude eta elkartu egingo dira.

Hautsitako nerbioak lotzea da neurologiak duen itxaropenetako bat. Orain arte, izan ere, bizkarrezurreko muinean kalteak izandako jendeak sendatzerik ez du izan, baina Ioannis V. Yannas injineruak Massachussetts-ko Teknologi Institutuan aurrerapen handiak egin ditu. Yannas jaunak nerbioak luzatzeko bide bat asmatu du. Kolageno-zuntzezko eta azukre konplexuzko (glikosamino-glikan izena dute) sare bat eskaintzen die euskarri gisa.

Irudi honetan ebakitako bi nerbio erakusten dira. Beheko nerbioan bi muturrak ez dira inoiz elkartuko, baina goikoan, bi muturrak luzatzen hasiak daude eta elkartu egingo dira.

Sarea oso tutu finean izoztu egiten da izotz-kristalak egin arte. Kristal horiek lurrintzen direnean, poro edo “zuloak” agertzen dira eta horietatik luzatzen dira kaltetutako nerbioak. Gero, sare hori kolagenasazko entzima batek deuseztu egiten du.

Saguekin egindako saiakuntzetan emaitzak ez dira erabat onak izan. Nerbioak ongi luzatu dira, baina muturrak elkartu ondoren kaltetu aurreko dentsitaterik ez dute lortu eta garraiatzen dituzten pultsu elektrikoen kopurua txikiagoa da.

Yannas jauna bere teknika hobetzen ari da, eta nerbioak 7,5 mm-raino luzatzea lortu du, eta badirudi emaitzarik onenak sareko poroak nerbio-axoiaren tamainakoak direnean lortzen direla. Teknika hobetu eta saiakuntzak gizakiekin egitea falta da orain.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila