Lurreko bakterioak, elektrizitate-sortzaile

Leturia Yurrita, Iñaki

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

lurreko-bakterioak-elektrizitate-sortzaile
Panelaren barneko lurrean dauden bakterioek sortzen dute elektrizitatea Arg. Apostolos

Lurrez betako eta landarez estalitako taulen itxura dute, baina energia sortzen duten panel bio fotovoltaikoak dira. Kataluniako Arkitektura Aurreratuaren Institutuak, IaaC-k diseinatu ditu eta Bartzelonako Valldaura herrian duen kanpusean probatzen ari dira. Lurretan dauden bakterioak dira, berez, elektrizitatea ekoizten dutenak. Landareek sortutako elikagaiak metabolizatzean, elektroiak askatzen dituzte bakterioek, eta anodoa eta katodoa lur horretan jarriz, zirkuitu batera bidera daiteke elektroi-jario hori, hau da, elektrizitatea sortu eta erabili.

Bateria bizidun honen oinarriak erraza dirudien arren, panela diseinatzeko garaian hainbat aldagai kontuan eduki behar izan behar dituzte ikertzaileek; alde batetik, sistema ahalik eta eraginkorrena izan dadin, eta prozesua kontrolatzeko, bestetik. Hala, ikertzaileek ikusi dute lur bustiak elektrolisia errazten duela, anodoek eta katodoek gertu egon behar dutela, eta katodoen eraginkortasuna ez dela inguruko lur-bolumenaren araberakoa. Bestalde, katodoen formak kiribilduak elektroi gehiago biltzea laguntzen duela ere baieztatu dute. Lur-motak, aldiz, ez du eraginik bakterio-kopurua ia antzekoa baita guztietan.

Emaitza, mosaiko itxurako panel bat izan da. Gelaxka bakoitza bateria txiki bat da, hiruki formakoa, eta gelaxkak elkarrekin lotuta daude seriean, ahalik eta tentsio altuena lortzeko. Eraginkortasun energetikoaren eta landareen sustraiek behar duten lekuaren arteko orekak ezarri du unitate bakoitzaren neurria eta proportzioa.  Horrek, eta gelaxka guztiak berdin ureztatu beharrak, Voronoi matematikari errusiarrak zehaztu zuen diagrama edo mosaiko-forma erabiltzera eraman ditu diseinatzaileak, funtzionamenduaren aldetik antolaketa egokiena zelako.

Garatzaileen kalkuluen arabera, bi panel bio-fotovoltaiko nahikoa lirateke bonbilla bat pizteko, zortzi mikrouhin-labe bat martxan jartzeko eta hamasei, berriz, erradiadore batek funtziona dezan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila