Egunean bitan gure oinpean dagoen lurzoruak hogeita hamar bat zentimetro gora eta behera egiten du, Ilargiak gure planetaren gune elastikoa erakarrita eragiten dituen oszilazioak medio. Lurraren gainazal osoak jasaten ditu gora-behera hauek, baina guk ez ditugu sentitzen.
NASAko Richard Ray eta bere laguntzaileek lehorreko marea hauek aztertu dituzte, satelite geodesikoetan eragiten dituzten oso perturbazio ahulak neurtuta. Lurraren oszilazioak, eragiten duen indarra baino 40 segundo inguru geroago gertatzen direla kalkulatu dute. Gure Lurraren biskositateari zor zaio atzerapen hori.
Dena den, oszilazioan energi kantitate itzela xahutzen da: 83.000 megawattekoa. Kopuru ikaragarria da noski, baina, hala ere, Ozeanoetako mareetan 30 aldiz energia gehiago galtzen da.