Azkeneko bi hamarkadetan lurrikarek sortzen dituzten uhinen hedatzeari buruzko datu asko bildu dituzte ikertzaileek. Uhinak lur azpian sortu eta zeharkatzen duten mantu-zatiaren konposizioaren arabera azkarrago edo polikiago hedatzen dira.
Aldaketa horien interpretazioak mantuaren eboluzioa eta mantuaren portaera dinamikoa nolakoak diren ezagutzeko oso baliagarriak izan daitezke, baita mantuko aldaketek lur azalean izan ditzaketen erantzunak iragartzeko ere. Michigango Unibertsitateko geologo batek uhinen abiadura-aldaketak eredu termiko baten bidez azaldu ditu, nahiz mantuko mineralen konposizio kimikoak eta egitura fisikoak ere uhinetan eragiten dutela jakin.
Ereduak mantuan ematen diren fase-trantsizioek —lur barneko presio eta tenperatura handien ondorioz mineralen egitura kristalinoaren aldaketei deritze horrela— lur azaleko plaken mugimendua bat batean azkartu edo moteldu dezaketela erakusten du.
Bestalde, abiadura-aldaketa horiek ereduaren bitartez tenperatura bihurtzen direnean, mantuaren zenbait eskualdetan bertako mineralen fusioa eragin dezakeen tenperaturak izaten direla ikusi dute. Fenomeno hori, esaterako, Afrika ekialdeko failaren azpialdean izaten da eta beharbada mineralen fusioa izan liteke gune horretako jarduera bolkanikoaren eragilea.