Luis Alvarez hil da

Luis W. Alvarez fisikari californiarra irailaren batean hil da Californiako Berkeley hirian.

Fisikari honek zientziari ekarpen asko egin badio ere, jendartean dinosauruen desagerpenari buruz bere seme Walter-ekin batera emaniko teoriagatik da ezaguna batez ere. Teoria honek dioenez, dinosauruak eta landarediaren zatirik handiena desagertzea, meteorito erraldoi batek Lurra jo zuelako gertatu zen duela 65 milioi urte. Teoria hau garai hartako sedimentuetan Lurrean oso urria den iridio elementuaren kantitate handiegiak topatu direlako proposatu zuten.

Luis Alvarez San Franciscon jaio zen 1911.ean. California eta Chicagoko unibertsitateetan ikasi zuen. Bigarren Mundu-Gerran radar-sistema berrien garapenean egin zuen lan. Abioiek deus ikusi gabe lurrartzea izan zezaten radar-sistema bat asmatu zuen.

1968.ean fisikazko Nobel saria eskuratu zuen partikulen fisikan eginiko lanagatik. Glaser-en burbuila-ganbararekin egin zuen lan eta oso bizitza laburreko erresonantzi partikulak detektatu eta aztertu zituen. Funtsezko partikulak beste partikula txikiagoez osaturik daudela aurkitu zuen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila