Lohi beltzak tratatzeko bide berriak

Ur-tratamendurako plantetan urteko milioika tona lohi beltz ekoizten dira eta horiekin zer egin arazo larria da. Zenbait tokitan, Britainia Haundian esaterako, itsasora isurtzen dira gehienak. Dena den, EEEk indarrean jarritako legeriak honelakoak 1998.etik aurrera egitea debekatu egingo du, itsas bizia arriskuan jartzen delako.

Beste alternatiba batzuk egon badaude, baina arazo ekologiko eta praktikoak dituzte. Adibidez, soro eta zelaietan barreia daitezke lohiak, baina produktu kirastun hori batetik bestera eramateko kamioi-flota handia behar da.

Bestetik, ingurune industrialduetako lohiek metal astun asko dituzte eta ezin dira ongarri bezala erabili. Lohien bolumena txikiagotzeko, gatzarazi eta konprimatu egin daitezke soro eta zelaietan barreiatu baino lehen. Dena den, ez da gauza erraza. Lohiak erraustu egin daitezke, baina honela berotegi-efektua sortzen duen karbono(IV) oxidoa isurtzen da.

Ingalaterrako Wessex Water eta Suitzako Swis Combi konpainiek lohi beltzak tratatzeko prozedura berria jarri dute martxan.

Lohia tratatzeko plantak langile bat baino ez du behar, prozesua oso automatizatuta dagoelako. Sisteman sartzen den lohi gordina, sistemaren bukaeran eratzen diren lohi lehorrezko ale handiegiekin nahasten da. Horrela lohia trinkoago izan dadin lortu eta egoera horretan uniformeago berotzen da. Loditutako nahastea danbor birakari batera sartu eta bertan aire beroz 450 °C-raino berotzen dute. Horrela, alez osatutako nahastea lortzen da. Gero, aleak bahetu egiten dira, ale handiak birziklatzeko bananduz.

Prozesu osoa ziklo bati jarraitzen zaionez, ez da kiratsik sortzen eta gainera labean sortutako beroaren % 70 berreskuratu egiten da, sistemaren bero-efikazia % 80koa delarik.

Aleek nitrogeno eta fosfato asko dute. Beraz, ongarri moduan erabil daitezke. Bestetik, erregai moduan ere erabil daitezke, kalitate eskaseko ikatzaren pareko bero-ahalmena dutelako. Baina aleek metal astun asko badaukate, ohizko zabortegietara bota daitezke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila