Loaldian garbitzen da garuna

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

loaldian-garbitzen-da-garuna
Tindagaiak erabiliz, lo dagoen sagu baten garuneko fluxua behatu dute ikertzaileek. Arg. Nedergaard Lab/University of Rochester Medical Center

Burua ondo edukitzeko, lo egitea garrantzitsua dela edonork esango genuke. Horren arrazoietako bat zein izan daitekeen azaltzen du gaur Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek. Rochester Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuek saguetan ikusi dute garbitu egiten dela garuna loaldian.

Zelulen artean mugitzen den fluidoak eramaten du garunean pilatzen den zaborra zirkulazio-sistema orokorrera, hark, gero, gibelera eramateko. Ikertzaileek bazuten susmoa garbiketa-prozesu hori gaueko lan bat izan zitekeela; energia dezente xahutzen duenez, garuna esna dagoenean egin beharreko beste lan guztiekin bateragarria izango ez zelakoan. Gaur Sciencen argitaratu duten ikerketan baieztatu dute hori hala dela. Ikusi dute sistema askoz ere aktiboagoa dela saguak lo daudenean. Hain zuzen, lo daudenean kanporatzen duten zaborraren % 5 baino ez dute kanporatzen esna daudenean. Gainera, lo daudenean garuneko zelulak txikitu egiten direla ere ikusi dute, eta, ondorioz, zelulen arteko espazioa % 60 handitzen dela. Horrek garbiketa-sistema eraginkorragoa egiten du.

Ikertzaileek nabarmendu dute garbiketa-sistema horrek nola funtzionatzen duen jakitea garrantzitsua dela, garunean pilatzen den zaborrarekin lotura baitute hainbat gaixotasunek. Alzheimerra, esaterako, β-amiloideen pilaketarekin lotuta dago, eta ikerketa honetan jarraipena egin diote molekula horri. Ikusi dute saguak lo daudenean bi aldiz azkarrago kanporatzen direla β-amiloideak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila