Leeuwenhoeken mikroskopio iraultzaileen sekretua argitu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

leeuwenhoeken-mikroskopio-iraultzaileen-sekretua-a
Arg. Delft University of Technology

Anton van Leeuwenhoek inork sekula ikusi gabeko gauzak ikusten hasi zen, XVII. mendean, berak egindako mikroskopioei esker. Garaiko mikroskopioek 30eko handiagotzeak lortzen zituzten; Leeuwenhoekek, berriz, 200etik gorakoak lortu zituen. Lenteetan zegoen sekretua, gaur arte iraun duen sekretua. Leeuwenhoeken jaioterrian, Delfteko Teknologia Unibertsitatean (Herbehereak), ikertzaile batzuek argitu berri dute nola egiten zituen lenteak.

Bostehun bat mikroskopio egin zituen, izatez, oso oinarrizkoak: beirazko lente txiki-txikiak, zenbat eta txikiagoak hobe, letoizko, kobrezko edo zilarrezko xafla batean txertatuta. Ez zegoen argi lenteak beira leunduta edo putz eginez egiten ote zituen. Leeuwenhoekek berak inoiz iradoki zuen beira putz eginez lantzeko teknika berri bat asmatu zuela. Baina, badirudi sekretua hobeto gorde nahian zebilela.

Delfteko ikertzaileek neutroi-tomografia erabiliz aztertu dute Leeuwenhoeken mikroskopio bat. Puntako teknologia horri esker, mikroskopioa desegin gabe eta kalterik eragin gabe aztertu ahal izan dute haren lentea nola egina dagoen. Eta garbi ikusi dute beira-leuntzaile aparta zela Leeuwenhoek. Orain jakin nahi dute beira-mota bereziren bat erabiltzen ote zuen. Laster jakingo dute, gamma-espektroskopia erabilita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila