60 watteko goritasun-bonbilla batek 100 watteko bonbilla batek adina argi ematea lor daiteke tungstenozko harizpiari femtosegundo bateko laser-pultsuak igorrita. Horixe lortu dute New York estatuko Rochester Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azaldu dutenez, laser-izpiak gai dira duten berotasunarekin metala urtzeko, baina, laser-pultsu iraupena oso txikia bada, metalaren molekulak berrantolatu soilik egiten dira, urtzera iritsi gabe. Molekula-antolaketa berriarekin, tungstenoak askoz argi gehiago ematen du, elektrizitate gehiago kontsumitu gabe. Nolabait, tungstenoa belztu egiten da, eta erradiazioa jasotzeko eta igortzeko gaitasuna handitzen zaio.