Larraun hitzak berak adierazten du inguru hori larre-lekua izan dela aspalditik. Bada, duela 46.000 urte, errinozero iletsuak eta mamutak bazkatzen ziren larre horietan. Hori erakusten dute 1996an Otxola espeleologia-taldeko kide batzuek Mainea haitzuloan (Uitzi, Nafarroa) aurkitu zituzten fosilek. EHUko eta Aranzadiko paleontologoek gidatutako ikertzaile-talde batek fosil horiek aztertu ditu. Duela 46.000 urtekoak direla neurtu dute, eta garai hartan inguru horretako klimari eta kondizio ekologikoei buruzko informazioa ere eskuratu dute. Boreas aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Mainean aurkitu dituzten 200 fosilak bost errinozero iletsuri eta mamut bati dagozkie. Espezie horien fosilak ez dira ohikoak Iberiar penintsulan. “Errinozeroen eskeleto osoko zatiak daude, eta adin desberdinetako banakoenak dira, fetu edo jaioberri batetik hasi eta 25 urteko bat arte. Mamutaren kasuan, bost fosil baino ez dira, 30 bat urteko banako batenak” azaldu du Manuel Rodriguez Almagro ikertzaileak. Bestalde, “karniboro txikiren batek utzitako arrastoak” ere antzeman dituztela adierazi du Nohemi Sala adituak; “baina ez datoz bat hienek uzten dituzten arrastoekin”.
Goi Pleistozenoan (duela 126.000 urtetik duela 12.000 urte arte), klima egungoa baino hotzagoa zen. Eurasian, izotz-masa handien hegoaldean, “mamutaren estepa” deitzen zaion bioma garatu zen: errinozero iletsuak, bisonteak, zaldiak, elur-oreinak, hienak, lehoiak, otsoak eta abar. Klima-gorabeherek ekosistema hori hedatu edo uzkurtu egiten zuten, eta Pleistozenoko unerik hotzenetan, hotzari egokitutako espezie batzuk hegoalderago iristen ziren, Iberiar penintsulan sartzeraino. Maineko errinozeroen fosilekin isotopo egonkorren azterketa egin dute. Klimari buruzko informazioa ematen du azterketa horrek, eta lortu dituzten emaitzak Europako iparraldeko beste aztarnategi batzuen antzekoak dira. “Isotopoek mamutaren esteparen garapena erakusten dute Mainea inguruan (724 metroko altitudea): altitudeak konpentsatuko luke hegoaldean egotea” dio Asier Gómez Olivencia paleontologoak.
Elhuyarrek garatutako teknologia