Landare-espezieak identifikatzeko gene-sekuentzien datu-base bat sortzeko aurrerapauso handia eman dute Bizitzaren Barra Kodearen Partzuergoan (CBOL). Landare bakoitzak sekuentzia jakin bat izango du, elikagai bakoitzak barra-kode jakin bat duen bezala.
Partzuergoko landareen lantaldea eratzen duten 52 adituek proposatu dute bi sekuentzia, rcbL eta matK, alderatu behar direla landareak batzuk besteetatik desberdintzeko.
Animalientzat dagoeneko ezarrita dago DNAren zein eskualderi begiratu behar zaion, baina landareetan oraindik ez da horrelakorik aukeratu. Izan ere, nahiko aldakorra izan behar du espezie batetik bestera sekuentziari begiratuta desberdindu ahal izateko, eta, aldi berean, ezin da aldakorregia izan, horretan oinarrituta jakin behar baita espezie jakin bateko banakoak espezie berekoak direla.
Landareen lantaldeak Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu du landutako txostena, eta horretan oinarrituta egingo diote proposamena CBOL partzuergoari. Azkeneko hitza CBOLk du, eta haiek erabakiko dute zein sekuentzia hartu landareen barra-kode estandar gisa.