Landareen osagai batek, hots, ligninak, atmosferako oxigenoaren kontrolean garrantzi handia izan omen du azken 200 milioi urteotan.
Pennsylvania-ko unibertsitateko Jennifer Robinson-ek dioenez, ligninak atmosferaren konposizioan eragin handia du; oso zaila bait da bera degradatzea. Degradazioa, erreketaren antzeko prozesua da eta oxigenoa behar du. Antzina, lignina oso ugari zenean, degradazioa naturan oso motela izan zen. Beraz, oxigenoa atmosferan metatuz joan zen.
Baieztapen hau egin ahal izateko Robinsonek azken 450 milioi urtean metatutako ikatzaren eta honen isotopoen konposizioak aztertu ditu. Bere estimazioen arabera orain dela 380 milioi urte oxigeno-maila %15ekoa zen, baina Karboniferoan, hau da, orain dela 300 milioi urte, oxigeno-maila %35ekoa izan zen. Une honetan oxigeno-maila %20koa da gutxi gorabehera.
Karboniferoan zuhaitzek egurra baino enborrazal gehiago zuten eta enborrazalean lignina izaten da. Lehen esan bezala, ligninak landareen degradazioa oztopatzen duenez, beste aroetan baino oxigeno gutxiago kontsumitu zen.