Landareen mugimendua, fluido-kontua

Landare gehienak ez dira asko mugitzen, baina badira mugimendu azkarrak egiteko gai diren landareak. Adibidez, janaria sumatu orduko, hostoak ixten ditu Dionaea muscipula landare haragijaleak. Ecballium elaterium landarearen fruitua, berriz, lehertu egiten da haziak banatzeko, eta Cornus canadensis edo zuhandor kanadarraren lore ñimiñoek zerura jaurtitzen dute polena.

Botanikari-talde batek landareak nola mugitzen diren aztertu du. Oro har, mugitzeko hiru modu dituzte landareek. Mugimendu txikiak eta motelak egiteko, zelulak puztu eta hustu egiten dira. Dionaea muscipula landarearen hostoak, bestalde, energia metatzeko gai dira, eta behar dutenean erabiltzen dute energia hori. Azkenik, zuhandor kanadarrak zelulen barruko presioan oinarritzen du mugimendua: presioa pixkanaka areagotzen da, eta, halako batean, gehiegizkoa da eta zelula lehertu egiten da.

Ikertzaileen arabera, fluidoa ehunetara iristen den abiaduran dago gakoa, eta horrek bereizten ditu hiru mugimendu-motak. Gainera, frogatu dute onddoek ere sistema berbera erabiltzen dutela mugitzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila