Lanak berehala eten, legeak aginduta

Entzutegi Nazionalak martxoaren 6an kaleratutako autoak Itoizko Koordinakundeak aurkeztutako errekurtsoak partzialki onartzen ditu eta bide batez, zeharo baztertzen ditu Nafarroako Gobernuak eta Madrilgoak aurkeztutakoak.

Gogoratuko duzuenez, Entzutegiak Itoitzen urtegia eraikitzea legearen kontrakoa zela ebatsi zuen 1995eko irailean eta 1996ko urtarrilean, 24.000 milioitako abalaren ordainketarekin loturik, lanak berehala eteteko agindua eman zuen. Egoera berriaren aurrean, Itoizko Koordinakundeak geroxeago zehatzago aipatuko den errekurtsoa aurkeztu zuen eta horixe da hain zuzen, Entzutegiaren azken erabakian aztertu dena.

Hasteko, Entzutegi Nazionalaren erabakiak abala erdira ekartzea onartzen du. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak abalaren zenbatekoa handiagotzeko egin zuen eskaria ez da aintzakotzat hartu. Horrez landa, arazoaren konponbidean izan dezakeen eraginagatik bereziki interesgarria den ondoko baieztapena kaleratu du Entzutegiak: "Txintxurreneako, Iñarbeko eta Gazteluko eskualdeek Babes Bereziko Eremuen araudiak zehazten duen mailatik gora ezingo dira urez estali. Halaber, babesturiko eremu horietan ezingo da baso-soiltzerako lanik egin, landare-geruzik murriztu, populazio-aldaketarik eragin edota urez betetzearen ondoriozko iharduerarik bultzatu”.

Horren irakurketa egitea ez da zaila. Abalik aurkeztu gabe ere, urtegiak izan dezakeen gehienezko garaiera 506,8koa da, urtegiaren paretari eman nahi zaion garaiera edozein delarik ere. Ondorioz, urtegiaren bolumena 9,7 Hm3-koa izango da gehienez, hots, aurreikusitakoaren %2,3a.

Entzutegi Nazionalaren autoa zehatzago irakurriz gero, babes-eremuak urez estaltzeak itzuliezinezko kaltea eragingo lukeela ikus daiteke. Horrek Gobernuak aurreikusitako eta Legebiltzarrak onartzeko zain dagoen aukera bati zuzenean egiten dio erreferentzia, hau da, etorkizunean eremuok giza ikuspuntutik izan dezaketen balioa eta erabilpena irizpidetzat harturik, Eremu Babestuen legea aldatzeko aukera erabat gaitsezten du. Entzutegi Nazionalak bada, garbi azaldu du auto horren bidez, aurreko autoan zioena berritsiz, legea aldatzeak iruzur egitea ekarriko duela; hau da, Administrazioaren zeregina gizartearen interesa babestea bada ere, Konstituzioaren eta Zuzenbidearen hastapenak errespetatuz egin beharko dela beti.

Itoizko Koordinakundeak hasiera-hasieratik eskatutakoa legezkotzat hartzen da, beraz; izan ere, aldakarrikapen nagusiak ingurugiroari kalterik ez eragitea eta Irati bailarako biztanleengan proiektuak sortuko lituzkeen kalteak saihestea ziren, eta dira gaur egun ere. Nolanahi ere, herritarrek jakin behar dute lanek aurrera segi dezaketela proiektu horretan inplikaturik dauden erakundeen egoskorkeriagatik. Hemendik bada, giza zentzuari dei egin nahi diogu: legearen kontrakoa den zentzugabeko proiektu horretan diru publiko gehiago ez dezaten xahutu eskatu nahi dugu, Nafarroa osoko beharrizanetara egoki daitezen baliabide horiek; uraren erabileratik ditugun beharrak izan ere, epe motzera bideragarriak diren modu eraginkorragoan eta merkeagoan konpon daitezkeela uste dugu.

Gure ustez, lanak berehala etetea da arazo honen irtenbide bakarra. Eskabide hori egitearekin batera, Itoizko Koordinakundeak proiektuaren kontra dagoela berritsi nahi du. Arrazoia eta legea alde ditugularik, urtegiaren kontra gaudela aldarrikatzen segituko dugu foro guztietan, orain arte egin izan dugun bezala.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila