Kuwait hiriburuan egindako azterketetatik ateratako ondorioak, bertako airea Parisekoa baino askoz ere poluituagoa ez dela dio. Baina, aire horren alderdirik kezkagarriena osagaiek dute; hauek minbizi-sortzaile izan bait daitezke.
Hiriburuko airea beltza da eta gedarrez beterik dago. Batzuetan haizeak lainoak mugitzen dituenean eguzki-izpiak ikus badaitezke ere, etengabeko gaua dagoela esan daiteke. Gogora dezagun honen arrazoia sutan dauden iparraldeko 180 petrolio-putzu eta hegoaldeko 350 putzu direla.
Neurtutako datuak harrigarriak izan dira. Ez da karbono-oxidorik aurkitu eta nitrogeno oxidoak eta ozonoa oso gutxi aurkitu dira. Sufre-dioxidoaren kantitate maximoa, 3.000 m/m 3 -koa izan da. Kontutan hartu behar da Osasunerako Mundu-Erakundeak (OMEk) laneko baldintzetan jarritako muga 5.000 m/m 3 egunero zortzi ordutan eta astean 5 egunetan dela.
Ikerlariek diotenez, poluitzaile klasikoak ez aurkitzearen arrazoia petrolioaren errekuntz tenperaturan datza; ez bait da 700°C-800°C baino handiagoa. Gainera petrolio-suen aldagarritasuna dela eta, ezin izan da ke estandarraren konposizioa hartu. Putzu batzuek su txikia duten bitartean, bese batzuek 100 m-ko altuera dute.
Benetako arazoa partikulen eta hautsen eraginean datza; hauen kopurua 2.000 m/m 3 -koa bait da. Adibide gisa, Parisen neurtzen den kantitatea 40 m/m 3 -koa dela esango dugu. Gedar-partikula lodienek ez dute kalte handirik egiten; sudurreko ileek eusten bait diete. Beraz, ez dira biriketaraino iristen eta gehienez faringe-narritadura edo eztula sortzen dituzte. Hala ere, badaude mikraerdia baino tamaina txikiagoko partikulak eta hauek biriketaraino iritsi daitezke. Gainera, zenbait partikulak poluitzaileen katalizatzaile gisa jokatzen du, SO 4 eta SO 4 H 2 sortuz. Hauek erre gabeko hidrokarburoekin, hau da, konposatu kantzerigenoekin, nahas daitezke.
Kuwaiten dagoen arazoari buruz hitz egin badugu ere, Iran-en dauden euri beltzei buruzko datuak ere eman behar ditugu, bi arazo hauen jatorria berbera da eta.
Joan den apirilean, Irango Khouzistan probintzian jasotako ur- eta zoru-laginak Geneban aztertu ziren. Ura euri beltzekoa zen eta gedarrez josita zegoen. Beruna, sulfatoak eta materia organiko asko zeukan. Beraz giza kontsumorako ez zen batere egokia ura.
Lurraren analisiak antzeko emaitzak adierazi zituen. Gedar-proportzioa % 10ekoa zen. Gedar honek beruna, kadmioa eta hidrokarburo aromatikoak zituen.
OME-ren arabera ez da uste osasun-arazorik berehala sortuko denik, baina etorkizunean metal astunen metaketa hazten bada, arazo larriak sortuko dira.