Jakina da kukuak beste hegazti-espezie batzuen habian erruten dituela arrautzak. Kuku-emeak bera hazi zuen espezieko txorien habiak bilatzen ditu, kukuaren leinu horrek ostalari jakin baten antzeko arrautzak erruten baititu. Baina, antzekoak izan arren, txori ostalariak bereak ez diren arrautzak ezagutzeko estrategiak ditu. Estrategia horiek ikertzeko software bat garatu dute Harvard Unibertsitatean. NaturePatternMatch du izena eta arrautza-oskolen pintarren edo orbanen ereduari erreparatzen dio.
Garatzaileen esanean, hegaztiek ikusten dutena argazkitan jasotzen saiatu dira. Horretarako, hegaztiek ikusten duten uhin-luzeretan atera dituzte argazkiak, eta orban-eredua identifikatzeko algoritmo bat erabili dute. Guztira 689 arrautza aztertu dituzte; kukuak ostalari gisa erabiltzen dituen txori-espezieen arrautzak dira, Londresko Historia Naturalaren Museoaren bildumatik hartuak.
Bildutako eredu-multzoari erreparatuz, txoriek kukuen arrautzak bereizteko erabil ditzaketen hiru estrategia-mota identifikatu dituzte. Bat kumaldi bakoitzeko arrautza guztiek orban-eredu berbera izatean datza. Antzandobi arruntak, adibidez, estrategia hori du. Beste estrategia bat, lezkari karratxinarena, adibidez, espezie bereko emeek oso orban-eredu desberdineko arrautzak errutea da. Eta hirugarren estrategia, oso eredu konplexua izatea da: negu-txontaren arrautza-oskolak, adibidez, orbanak oso sakabanatuta ditu.
Hiru estrategia horien bidez, kukuaren amarruari tankera hartzen diote beste txoriek: habian berea ez den arrautza bat badela konturatzen dira, eta bota egiten dute, batzuetan behinik behin.