Oligokitosano bat DNA-zatiak zelulen barrura garraiatzeko egokia dela erakutsi du EHUren Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Mireia Agirre Diazek. Oligokitosano hori krustazeoen exoeskeletotik eratorritako polimero natural bat da, eta, gene-terapian helburu horrekin erabiltzen diren beste oligokitosanoekin alderatuta, pisu molekular txikikoa da.
Agirrek egindako doktore-tesian, frogatu du garraiatu beharreko DNA ondo babesten duela oligokitosanoak, eta behar bezala sartzen duela zelularen barrenean, gero terapian behar den proteina sortu dezan.
Hain zuzen, oligokitosanoa bi aplikazio berritarako baliagarria dela frogatu du Agirrek: batetik, tumore-zeluletan eragiteko, eta, bestetik, nerbio-sistema zentraleko gaixotasunak tratatzeko. Ikertzaileak azaldu duenez, hurrengo pausoa animalietan probatzea da, aplikazio jakin batzuetan, eta DNA terapeutikoa erabilita. Izan ere, orain arte egindako probetan, DNA-zati handiak garraiatzeko egokia dela ikusi dute, baina DNA hori ez zen terapeutikoa.
Elhuyarrek garatutako teknologia