Kolorea eta jokamoldea

Beste zenbait gauzaren artean, eboluzioaz arduratzen diren biologoek populazio naturaletan dagoen aldagarritasun genetikoa azaldu ahal izatearekin amets egiten dute. Aldagarritasuna ingurugiroaren konplexutasunarekin erlazionatuta egotea nahikoa zabaldutako ideia da. Teoria honen arabera aldagarritasun hau mantendu egingo da, baldin eta aleek beraientzat egokiagoak diren txoko ekologikoak betetzen badituzte. Esan nahi bait da, geneek habitata “aukera” dezaketela.

Harraparien aurkako defentsaren kasuan, korrelazio genetiko bat sortu nahi izan da kolore-konbinazioaren eta jokamoldearen artean. Korrelazio hori ezartzeko azterketa asko burutu izan da.

Joan den azaroaren 30eko Nature aldizkariko alean, Edmund Brodie-k horietako baten berri eman zuen; Thamnopis ordinoides sugearen azterketa hain zuzen ere. Suge hau oso polimorfikoa da eta bere kolorea ondorioz oso aldakorra da. Ale desberdinek gainera, ez dute berdin jokatzen harrapariaren aurrean. Jokamolde desberdinak ez dira baztertzaileak (ale batek horietako bat baino gehiago izan ditzake), baina maila batean kolorearen fenotipoarekin erlazionatuta daude.

Korrelazioak oinarri genetikoa duela dirudi, baina ez dago oso garbi. Brodie jauna arazoa gehiago sakontzeko asmotan da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila