Kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarriak aztertu dituzte euskal populazioan

kolon-eta-ondesteko-minbiziaren-gene-oinarriak-azt
Kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarriak ikertu dituzte, Donostia ospitaleko eta Euskal Biobankuko datuetatik abiatuta. - Arg. © Sony Sivanandan/123RF

Koldo García Etxebarria Biodonostiako ikertzaileak gidatutako taldeak kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarriak aztertu ditu, euskal populazioan. Cancers aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Garcíak Edonola.net blogean azaldu duenez, munduan diagnostikatzen diren minbizien %10 kolon eta ondestekoak dira, eta hildako gehien eragiten dituen bigarren minbizi-mota da. Hala, prebentzioarako eta diagnostiko goiztiarrerako baliabideak lortzeko asmoz, kolon eta ondesteko minbizian parte hartzen duten geneak eta funtzio biologikoak ikertu dituzte.

Horretarako, Donostia Ospitaleko 800 gaixoren eta Euskal Biobankuko 900 kontrol osasuntsuren 5 milioi gene-aldaeratik gora aztertu dituzte. Analisiak gaixo guztiak elkartuta eta kokapenaren arabera (eskuineko kolona, ezkerreko kolona eta ondestea) egin dituzte, genoma osoko asoziazio-analisia erabilita.

Horren bidez,kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukera handitzen duten zenbait gene-aldaera identifikatu dituzte. Gainera, eskuragarri dauden gene-arriskua kalkulatzeko ereduen errendimendua aztertu dute, minbizi-mota horiek garatzeko probabilitatearen kalkulua hobetzeko helburuarekin. Bestalde, hesteetako hanturazko gaixotasunak ikertzean lortu zuten eskarmentua baliatuta, kolon eta ondesteko minbizian dagoen gene-informazioa euskal populazioan erabilgarria ote den aztertu dute. 

Garcíaren esanean, erabili duten lagina eta lortutako emaitzak teknikoki mugatuak badira ere, zentzu biologikoa dute eta erabilgarriak dira: “Batetik, bertako populazioan genetikoki gertatzen dena hobeto ezagutzeko aukera eman baitigu; bestetik, hurrengo analisiak egiteko oinarria ematen digutelako”. Izan ere, badirudi  tokiko populazioari lotutako ñabardurak egon daitezkeela kolon eta ondesteko minbizian, eta, horrenbestez, ikertzen jarraitzea merezi duela iritzi dio Garcíak.

Irakurri Koldo García Etxebarria ikertzailearen azalpen xeheak, bere blogean: edonola.net

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila