Bide berriak dispepsia funtzionala ezagutzeko, oinarri genetikoa aztertuta

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bide-berriak-dispepsia-funtzionala-ezagutzeko-oina
Dispepsia funtzionalaren oinarri genetikoa ikertu dute. Arg. Artxibokoa

Dispepsia funtzionala ohikoa bada ere, ez da ondo ezagutzen zerk eragiten duen eta zer mekanismok parte hartzen duten. Europako eta AEBko ikertzaile-talde batek asaldura horren oinarri genetikoa aztertu du 361.360 pertsonatan, eta Neurogastroenterology & Motility aldizkarian argitaratu ditu emaitzak. Ikerketari esker, bide berriak ireki dira dispepsia funtzionala hobeto ezagutzeko. 

Koldo García Etxebarria Biodonostiako ikertzaileak eta lanaren lehen egileak azaldu duenez, dispepsia funtzionalaren eragileak ezezagunak diren arren, proposatu izan da ingurumenak eta genetikak parte hartzen dutela. Horrenbestez, oinarri genetikoa aztertzea erabaki zuten. Izan ere, haren esanean, “genetika lagungarria izan daiteke mekanismo horiek zehazteko eta, horrela, sindrome hau hobeto ezagutzeko. Gainera, dispepsia funtzionalaren gene-oinarria ez da gainontzeko gaixotasun gastrointestinalena bezainbeste ikertu; agian, gaixotasuna bera definitzea korapilatsua delako. Baina norbaitek izan behar zuen lehena."

Artikuluan, ondorioztatu dute dispepsia funtzionalak herentziazko osagai ahula duela, eta erlazioa duela eremu fisiopatologikoen espektro zabal batekin. Hain zuzen, Garcíak nabarmendu du dispepsia funtzionala duten pertsonek beste gaixotasun eta nahasmendu piloa dutela ere, batez ere gastrointestinalak, psikiatrikoak eta kardiobaskularrak. “Emaitzek erakusten dute lotura hori genetikoa izan daitekela, nolabait, mekanismo biologikoak partekatzen dituztela”. 

Onartu du ez dutela gene-seinale argirik detektatu; “aurretik genuen erronka ikusita, harritzekoa ez dena”. Hala ere, aztertzea interesgarriak izan daitezkeen geneak aurkitu dituzte, hala nola NXPH1 eta GID8 geneak. “Dispesia funtzionala hobeto ulertzeko bide berriak zabaldu ditugula da emaitzarik garrantzitsuena”, azpimarratu du, amaitzeko.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila