EEBBetako NCEP (National Cholesterol Education Program) erakundeak, eritasun kardiobaskularren aurkako programaren barruan kolesterola eta gantz aseek elikaduran gaur egun duten eragin kaltegarria txikiagotu egin nahi du. Eguneroko janarietan, kolesterol eta gantz ase gehien dituzten produktuak esnekiak, arrautzak eta haragi gorriak dira. Beraz produktu hauek gutxiago kontsumitzea proposatu du.
EEBBetan fast fooderako (janari lasterrerako) dagoen ohitura ezaguna da eta janari mota honetan hanburgesa da ezagunena.
Beraz, hanburgesa gutxiago jatea oso zaila denez, hanburgesaren haragi pikatua prestatzeko bide berria proposatu dute biofisikariek. Metodo honen bidez haragiaren kolesterola % 40 eta gantz aseena % 80 murriz daiteke.
Ikertzaile-talde honek, haragi pikatua landare-oliotan frijitzea gomendatzen du. Kilo bat haragik litroerdi bat olio behar du eta gutxienez hamar minututan eduki behar da haragia frijitzen.
Horrela haragiaren kolesterola eta gantz aseak neurri batean olioan disolbatu egiten dira eta landare-olioko gantz asegabeak haragira pasatzen dira.
Ondoren haragia eta olioa banandu egiten dira. Haragiari litroerdi bat ur irakin botatzen zaio eta beratzen uzten da. Horren ondoren haragia jateko prest dago eta ura saltsa gisa erabil daiteke.
Landare-olioa bota aurretik, beste hiruzpalau txandetan ere erabil daiteke.