Kokainaren efektuak menderatu ezinik

Kokainak garunean egiten duen bidea uste baino konplexuagoa da. Hala esan dute AEBetan egin diren Biologia Esperimentalaren 2003ko Topaketetan. Ikertzaileek droga horrek burmuinean erabiltzen dituen mekanismoak aztertu dituzte, kokainaren menpekotasunari aurre egiteko tratamendu baten bila.

Kokainak hainbat neurotransmisoreren garraiatzaileetan eragiten duela jakina da dagoeneko, hala nola, dopamina, serotonina eta noradrenalina garraiatzen duten proteinetan. Funtsean, kokainak oztopatu egiten ditu garraiatzaileak eta neurotransmisoreak pilatu egiten ditu; hala, euforia, gosegabezia eta beste sentsazio batzuk sortzen ditu.

Horregatik, dopaminaren eta noradrenalinaren garraiatzailerik gabeko sagu transgenikoak erabili dituzte kokainak eragiten ote dien ikusteko asmoz. Eta, dirudienez, sagu arruntei bezalaxe eragiten die kokainak sagu transgeniko horiei. Horrek erakusten du mekanismoa uste baino korapilatsuagoa dela. Hori dela eta, serotoninaren garraiatzaileekin jokatuko dute, emaitza hobeak lortuko dituztelakoan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila