Euplotes crassus protozooan, UGA kodoiak bi aminoazido kodetu ditzakeela ikusi dute AEBko Nebraska Unibertsitateko ikertzaileek. Normalean, kodoi batek aminoazido bakarra kodetzen du. UGA kodoiak, berriz, zisteina eta selenozisteina aminoazidoak kodetu ditzake.
RNA mezulariaren katearen amaieran dagoen sekuentzia genetiko batean dago gakoa, SECIS sekuentzian. Sekuentzia horrek begizta bat sortzen du RNA katean, eta erribosomak hori irakurtzean UGA kodoiaren mezua eraldatua irakurtzen du. Hori gabe kodoiak zisteina aminoazidoa kodetzen duela ikusi dute; horrekin, berriz, selenozisteina aminoazidoa.
Etorkizunean, ikertzaile-taldearen helburua da SECIS sekuentziak zehazki UGA kodoia nola eraldatzen duen aztertzea, eta kodoi horren aldakortasun hori gainerako organismoetan gerta daitekeen edo ez ikustea.