2022ko urrian Galiziako bisoi-haztegi batean izandako agerraldi baten ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte Eurosurveillance aldizkarian. Haztegian, bisoiak pneumonia-sintomak izaten hasi ziren, eta laster zabaldu zen heriotza. Hasiera batean, SARSCoV2-aren eraginez izango zela uste zuten, baina testek negatibo eman zuten. Hegazti-gripea izan zen hurrengo susmagarria, kaio batzuk hilda agertu baitziren inguruko hondartzetan, hegazti-gripeak jota. Probek susmoa baieztatu zuten. Langileek, berriz, negatibo eman zuten. Orain argitaratutako artikuluak ikerketa epidemiologikoaren, klinikoaren eta genetikoaren emaitzak bildu ditu, eta osasun publikorako ekar ditzakeen ondorioak azaldu ditu.
Ikertzaileek zehaztu dutenez, (HPAI) A(H5N1) gripearen andui oso patogeniko bat izan zen bisoien agerraldiaren eragilea. Birus hori izugarrizko kalteak eragiten ari da hegaztietan, Europa osoan. Ez da erraz transmititzen ugaztunetara, eta, gizakiak kutsatzea lortu izan duen kasuetan, beti izan da hegaztitik gizakira zuzenean. Gero, ez da gizakitik gizakira transmititu. Artikuluan deskribatutako agerraldia, beraz, berezia da, andui hori gai izan baita, ugaztunetara jauzi egiteaz gain, haien artean transmititzeko ere.
Hain zuzen, azken hori azpimarratu dute, bereziki, adituek. Izan ere, litekeena da orain hegazti basatiek izatea horretarako ahalmena duen anduia, eta beste haztegi batzuetara transmititzea. Horrek mutatzen jarraitzea erraztuko luke.
Artikuluan ohartarazi dutenez, bai esperimentalki, bai landan frogatu da bisoiak hegaztiaren zein gizakiaren A gripeaz kutsatzen direla. Hortaz, arriskua dago biak nahasteko bisoietan, eta hegaztien, ugaztunen eta gizakien artean transmititzeko gai izango litzatekeen andui bat sortzeko. Hori kontuan hartuta, funtsezkoa iruditu zaie neurriak zorroztea bisoiak birus horiekin kutsatzea eragozteko.
Horren harira, aditu askok adierazi dute agerraldi horrek gogorarazi duela Osasun Bakarra dela prebentzio-estrategiarik egokiena.
Elhuyarrek garatutako teknologia