Karnitina, haragi gorriaren eta edari energetikoen kalteen erantzule

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Karnitinaren eta arteriosklerosiaren arteko erlazio frogatu dute Cleveland klinikako ikertzaileek (Estatu Batuak). Nature medicine aldizkarian argitaratu duten artikuluaren arabera, hesteetan ditugun bakterioek karnitina metabolizatzen dutenean, trimetilamina-N-oxidoa sortzen dute (TMAO), eta jakina da metabolito horrek aterosklerosia eragiten duela.
karnitina-haragi-gorriak-eta-edari-energetikoek-os
Ikertzaileek frogatu dute karnitina dela arteriosklerosi-arriskua areagotzen duen osagaia. - Arg. Javier Lastras/CC-BY-ND

Horrez gain, ikertzaileek ikusi dute karnitina askoko dietak karnitina metabolizatzen duten bakterioen hazkundea sustatzen duela; horren ondorioz, kaltea are larriagoa da haragi-jaleentzat, karnitinarik gabeko dieta egiten dutenek baino metabolito kaltegarri gehiago sortzen baitute.

Hain zuzen ere, hiru dieta-mota duten boluntarioak aztertu dituzte ikertzaileek: haragia jateko ohitura zuten omniboroak, barazkijaleak, eta beganoak, hau da, animalia-jatorria duen ezer jaten ez dutenak. Eta frogatu dute TMAO-mailaren  eta bihotzekoak eta zirkulazio-aparatuko gaitzak izateko arriskuaren erlazioa “zuzena” dela. 

Bestalde, ikertzaileei aipagarria iruditu zaie beganoek eta barazkijaleek askoz ere TMAO gutxiago sortzen dutela, karnitina-kopuru berdina hartuta. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, “ohiko dietak agintzen du nolako bakterioak ditugun hesteetan”, eta horrek eragin zuzena du osasunean. 

Nonbait, ikerketa honek argitzen du zergatik dituen haragi gorriak hain ondorio txarrak zirkulazio-aparatuan, kolesterolean eta gantz aseetan aberatsa izateak ez baitzuen erabat azaltzen hain kaltegarria izatea. Ohartarazi dutenez, emaitzak aintzat hartzekoak dira, ez bakarrik haragi gorri asko jaten dutenentzat, baita edari energetikoak eta karnitina-gehigarriak hartzen dituztenentzat ere.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila