Columbiako Unibertsitateko ikertzaileen arabera, karbono monoxidoak ez du zertan beti toxikoa izan. Jakina denez, CO-a arnastuz gero, albeoloetako hemoglobinak oxigenoa xurgatu beharrean karbono monoxidoa xurgatzen du eta, ondorioz, odol gutxiago garraiatzen da gorputzeko ehunetara.
Efektuak buruko mina, nekea, bihotz-taupada azkarrak, koma eta, azkenean, heriotza dira. Zientzialarien ustez, ordea, batzuetan karbono monoxidoa ezinbestekoa izan daiteke bizirik irauteko, gorputzak koaguluak disolbatu eta zainak dilatatzeko duen mekanismoa hobetzen laguntzen baitu. Bihotzekoak jo eta zainak blokeatu egiten direnean, oxigenasa entzimak hemes izeneko molekula batzuk deskonposatzen ditu, CO-molekulak lortzeko.
Karbono monoxidoak, era berean, guanilata ziklasa entzima aktibatzen du. Entzima horrek, azkenik, zainak dilatatzen laguntzen du, gorputzeko ehunetara oxigeno-kantitate egokia hel dadin. Mekanismo hori ikusita, zientzialariak karbono monoxidoa era kontrolatuan arnastean oinarrituta dauden tratamenduak garatzen ari dira.