Kanarietako teleskopio handia, zerura irekita

Kanarietako teleskopio handia, zerura irekita
2009/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Pablo Bonet)

Uztailaren 24an inauguratu zuten La Palma uhartean Gran Telescopio Canarias (GTC) teleskopio optikoa, mota horretako munduko teleskopiorik handiena. 10,4 metroko ispilua du, hexagono-itxurako 36 zatitxok osatzen dute, eta 2.400 metrora dago itsas mailatik gora.

Oraingoz, behaketak egiteko tresna bakarra du martxan teleskopioak, OSIRIS izena eman dioten espektrografoa, eta urte honetan zehar CanariCam kamera jarriko diote, irudi infragorriak hartzeko. Dena den, GTCko zuzendariak, Pedro Álvarezek, adierazi du datozen hiruzpalau urteetan hainbat gailu instalatzeko asmoa dutela. Besteak beste, infragorri hurbileko espektrografo bat jarri nahi dute, uhin-luzera ikusgaietarako bereizmen handiko espektrografo bat eta atmosferako turbulentziak arintzeko gai den infragorri hurbileko kamera bat.

Hein batean, izango dituen tresnek zehaztuko dute zer erabilgarritasun izango duen teleskopioak. Izan ere, NatureNews webgunean berri eman dutenez, hainbat astronomok zalantzan jartzen du zer berezitasun izango dituen GTCk, eta zerk egingo duen desberdin beste teleskopio batzuetatik, adibidez, 10 metroko Keck teleskopio bikietatik.

1
256
2009
9
004
Astronomia; Teknologia
Albisteak
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila