Kakalardo hori, Melanophila acuminate , detektagailu bizidun bat da. Sutea dagoela antzemandakoan, erretako eremura joaten da, enbor kiskalietan arrautzak jartzera. Horri esker, kakalardo jaioberriek ez dute lehiakiderik. Suteei antzemateko, kakalardoak disko ñimiño batzuk ditu hegoen azpian. Disko berezi horiek 3 mikrometroko erradiazio infragorria xurgatzen dute, eta, hain zuzen, hori da sute indartsuek igortzen duten uhin-luzera nagusia.
Kakalardoaren diskoak imitatuz, polietilenozko detektagailu batzuk egin dituzte ikertzaileek. Etxeetan jarri ahalko direla uste dute, eta, GPS sistemarekin batuta, suteen informazio osatua eta zehatza emango dutelakoan daude. Orain erabiltzen diren sentsoreek kea detektatzen dute; horiek, berriz, beroari antzematen diote eta, beraz, errore gutxiago izango dute. Gainera, hegazkinen eta sateliteen bidezko zaintza baino askoz ere merkeagoa izango da sentsoreak erabiltzea.