Kafea eta onddoak

Brasilen kafeondoen azken uztak ezustean harrapatu ditu osasun-erakundeak. Aurten ere kafe bikaina lortu da bertan, baina arnasketa-aparatuari eraso egiten dion gaixotasun berria azaldu da. Rio de Janeiroko ikerlariak ari dira gaixotasun horren agerpena aztertzen eta jadanik behin-behineko datuak plazaratu dituzte.

Aurten ere kafe bikaina lortu da Brasilen, baina arnasketa-aparatuari eraso egiten dion gaixotasuna berriz ere azaldu da bertan.

Horien arabera, kafe-landareak ereiteko prestatzen diren lurretan Paracoccidioides brasiliensis izeneko onddoa garatu egin bide da azken urteotan eta horrek baluke zerikusi zuzena gaixotasun horren sintomekin. Gaixotasun horrek arnas-aparatuari eraso egiten dio. Lehen sintoma azalean puslak sortzea da; ondoren biriketara sartzen da onddoa, bereziki birikak estaltzen dituzten mintz serosoetara. Hori dela eta, gaixotasun hori tuberkulosiaren agerraldi berria zela uste izan zen hasiera batean. Geroago ikerlariek hipotesi hori baztertu behar izan zuten.

Kafe-landareekin lan egiten duten nekazariek dute gaixotasun berria kutsatzeko arriskua. Zehatzago, Surui tribuko kide askok jadanik garatu ditu sintomak. Rio de Janeiroko ikerlariek tribuko 243 kide aztertu zituzten gaixotasuna kutsatzen duen onddoaren bila. %43,8 jadanik kutsaturik dagoela aditzera eman dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila