Jupiterren hainbat ezaugarriri buruzko xehetasunak eman dituzte Nature aldizkarian argitaratutako lau artikulutan (1, 2, 3, 4). Juno misioan hartutako datuekin, Jupiterren grabitazio-eremua, atmosferako fluxuak, barne-osaketa, poloetako zikloiak eta abar aztertu dituzte.
Jupiterren azala asko ikertu den arren, banda ilun eta argi horien azpian zer gertatzen den ez da ongi ezagutzen. Lehenengo hiru artikuluek erakutsi dute grabitazio-eremuaren neurketa zehatzak eginez informazio asko lor daitekeela planetaren barnealdeaz.
Jupiterren grabitazio-eremua asimetrikoa da iparretik hegora, eta hori ez da espero izatekoa Jupiterren gisako planeta fluido batean. Bada, ondorioztatu dute atmosferako eta barnealdeko haize-fluxuek eragiten dutela asimetria hori. Bestalde, ikusi dute azalean banda gisa ikusten diren korronteak, ez direla azaleko kontu bat, 3.000 kilometroko sakoneraraino iristen direla. Jupiterren atmosfera nahasiak planetaren masaren % 1a osatzen duela ere kalkulatu dute. Eta ikusi dute hidrogeno eta helioz osatutako barnealde fluidoak solido baten moduan biratzen duela.
Azkenik, laugarren lanean, poloak aztertu dituzte. Poloetan zikloiek poligono-forma iraunkorrak hartzen dituztela ikusi dute. Ipar poloan, zortzi zikloik beste zikloi bat inguratzen dute, eta Hego poloan zikloi baten inguruan beste bost daude. Oraindik ez dakite zikloi horiek nola sortzen diren eta nola irauten duten.
Elhuyarrek garatutako teknologia