Julian Alustizak 1985. urtean argitaratu zuen Euskal baserriaren inguruan liburuak ondo baino hobeto ematen du gaztainondoen galbidearen berri: "Garai batetan bazen Euskal Herrian gaztainadi ederrik franko. (…) Baina gaztainondoak gure asaba zaharrei, batez ere, otordurako jakia eskaintzen zien ausarki. Poliki asko gogoratzen digu Iztuetak bere «Gipuzkoako kondaira» delakoan: «Gaztaiñak ez eo bearrik dauka, ez laka emankizunik, eta ez beste arazorik batere, ezpada morkotsetik artu, pazian egosi, edo zartanean erre eta jan zaka-zaka».
(…) Gaztaina-mota asko ezagutzen ziren euskal herrietan. Hor doazkizu Gabiria aldeko berezienak:
a) «Andra Mari gaztaina» genuen lehenengo heldu ohi zena. Egosita jateko oso ona. Ordizia aldean saltzeko ere ez txarra, goiz-gaztaina bait zen. Hamaika etxekoandrek pozik bildu ohi zuen, gero azokan saldu eta Andra Maritarako nahi zitezkeen gauzak zuzentzeko.
b) «Azpeiti gaztaina». Gaztaina-mota honentzat ere ez zen aitzaki haundirik: ale ederra bait zuen, xabal-xabala. Egosita jan ohi zen gehienetan.
d) «Bizkai gaztaina»: alea muttur luxea zuen oso. Eta gaztaina goxoa zen jateko ere, nahiz egosita, nahiz erreta.
e) «Artaloa». Gaztaina-mota hau izango zen gure eskualdeetan alerik haundiena ekarri ohi zuena. Zakar xamarra nahi izatera, baina jendea ez zegoen bertan behera uzteko.
f) «Elorri gaztaina». Ona hau ere.
g) «Kirrimahatsa». Ale elkor xamarra izaten zuen gaztaina mota honek. Danbolinean erreta jateko, ordea, ez zen batere txarra.
h) «Ahuntz gaztaina». Honek zukeen alerik zatarrena ere. Erreta jan ohi zen beti. Eta nahiz-ta elkorra izan bere alea, ez zen gaztainadietan askotzarik geldituko, basurdeak eta beste gizendu beharrez.
(…) Gure baserritarrek, ordea, batez ere sukalderako nahi zuketen gaztaina hori. Gaurko gazteentzat ez du asko esan nahi gaztaina horrek. Noizean behin kale bazterretan gaztaina ale batzuk erosiko dituzte, ahoa gozatu beharrez edo. Hortik aurrera ezer gutxi.
Garai batetan, ordea, gaztainak hornitu ohi zuen euskaldun asko eta askoren bizimaina. Azarotik hasi eta Martxoa bitartean behinik-behin, gaztainaren inguruan izango ziren gure afariak. Eta lastimarik!, azkarregi akitzen zitzaigun gainera.
Hori horrela, Graziano zaharrak gogoratzen diguna jakingarria da benetan: «Gure amandriak esaten zuan Aita Palacios-ek, bere sermoietan, hauxe esaten zuala: gaztaiñiak merezi dabela urregorrizko atxurrakin jorraketia. Nekazarien sabela beteteko hori dala janaririk onena ta merkiena».
(…) Izan ere, lau-bost hilabetez, arestian idatzi dugun bezala, gaztaina izan ohi zen gure afari legea. Baratzuri zopa, edo porrusalda aurretik… Gaztaina gero, nahi zen guztia gainera. Batzutan egosirik, erreta beste zenbait aldiz. Gazteek, erreta nahiago beti ere. Adinekoak, berriz, hobeto moldatzen gaztaina egosiekin. Hortik sor zitezkeen sukaldean haserre zenbait ere. Bazuten, ordea, konponketa bide bat: Gabonak arte egosita emango ziren gaztainak. Eta handik aurrera, ximeltzen hasiak zeudenez gero, erreta hobe.
(…) Gaitzak eraman zituen hemengo gaztainondo zaharrak. Nafarroa aldean, ordea, aurki genezake oraindik gaztainadi ederrik! Bainan alderdi haietan gaitz makurrago bat sortu zaielakoan nago: diru gosea. Eta hango gaztainadi zahar eta gordinak badoaz hankaz gora… moto-zerraren hagin
zakarrek janda, noski.
(…) Poliki asko adierazi zuen hori dena Uztapide bertsolariak ere:
Garai batean gaztaiña
anetik gaiñezka,
orain asia dago
emendik igeska;
bukatuko dirala
bada naiko kezka,
juantxe da emengo
gaztaiñaren pesta.½