Joseph Fourier

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Matematikari frantziar hau Auxerre-n jaio zen 1768an. Gogoz kontra, apaizgorako bidea hartu zuen gaztetan eta nobizio beneditarra izan zen. Denbora gutxi egin zuen bertan, 1779ko Iraultza hasi zenean komentutik ateratzeko aukera eskaini baitzitzaion. Aukera horretaz baliaturik, Frantziako Armadako kidea izan zen eta Napoleonekin batera, 1798an Egiptora abiatu zen. Fourierren eta Napoleonen arteko harremana oso aberatsa izan zen bientzat.

Napoleonek konfidantzazko funtzionarioa lortu zuen eta Egiptoko gobernadorea izendatu zuen Fourier. Horrek erabat liluraturik utzi zuen Egiptoko ondasun artistikoa ezagutu ahalizan zuen eta horri buruzko lan asko argitaratu zituen. 1808an Napoleonek baroi-titulua eman zion Fourierri.

1801ean zientziaren ikerketari ekin zion. Beroaren transmisioaz arduratu zen eta bi objektuen arteko bero-transmisioan eragiten duten faktore guztiak aztertu zituen. Lan horren emaitza Fourierren Teorema da, 1807an argitaratu zuena. Gaur egun analisi harmonikoa izenaz ezagutzen duguna Fourierren Teoremaren erabilpena da. Postulatu hori funtzio periodikoen deskonposaketa-prozesu bat da. Funtzio horiek beren oszilazio oinarrizkoetan eta beren azaleko uhinetan deskonposatzen dira.

1822an Fourierrek bere teorema bero-transmisioren prozesuetan erabili zuen eta Beroaren teoria analitikoa izeneko liburuan argitara eman zuen Fourierren seriea izenaz ezagutzen dena. Bere ezaugarri nagusia zera da, normalean adierazpen desberdinez tarteko parte desberdinetan azaltzen diren funtzioak azaltzeko balio izatea, funtzio horiek oso murriztapen gutxiren menpe egonik.

Zientzi Akademiako kidea izan zen 1817az geroztik eta 1822an bertako idazkari izendatu zuten.

Matematikaren garapena gidatu duten ekarpenak egin eta gero, Parisen zendu zen 1830.ean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila