Munduaren historian lehen katamaran elektromagnetikoa izango denaren eraikuntza bukatzear dago. Proiektua burutzeko falta dena zuzen betetzen bada, "Yamato-1" izeneko 30 m luzeko katamarana datorren urtean itsasoan bidaiak egiten hasiko da. Hala ere, injineruek, bertan erabilitako teknologiaren aplikazio komertziala zalantzan jartzen dute.
Untzi honek tuneltxo batzuk ditu eta tunelen aurrean elektroimanak daude kokaturik. Itsasoko ura tuneletara sartzen da eta elektrodo kargatuek korronte elektrikoa sortzen dute uretan zehar. Imanetako eremu magnetikoak korronte elektrikoaz eragin ondoren, indar elektromagnetikoak sortzen dira. Indar hauek tuneletatik kanpo bultzatzen dute ura eta horrela katamaranak abiadura handia lortzen du. Teknikoki gainditu behar den arazoa hauxe da: "katamarana abiadura lasterrean higi dadin eremu magnetikoa nahikoa indartsua izatea".
Eremu indartsuak lortzeko, japoniarrek helio likidotan hoztutako elektroimanak eratu dituzte. Diesel motorezko bi sorgailuk (bakoitzak 2000 kW ditu) elektrizitatez hornitzen dituzte elektroimanak. Horrela 280 tonako katamaranak 8 korapiloko abiadura maximoa izan dezake.
Nahiz eta supereroaleak erabili, emaitza ez da nahi bezain ona izan. Abiadura handiagoa lortzeko kostua hazi egiten da. Beraz, komertzialki ez da batere interesgarria.