Janari eta edarietako bisfenol-A eta beste plastifikanteen arriskuaz ohartarazi dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

janari-eta-edarietako-bisfenol-a-eta-beste-plastif
CSICek plastifikanteak aaurkitu ditu aztertu dituen ia edari guztietan. Arg. Julio Fernández Arribas/CSIC

EFSA Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den agentziak bisfenol-Aren eraginari buruzko azken ikerketak aztertu ditu (800 ikerketa baino gehiago, 2013tik), eta ondorioztatu du osasunari kalte egiteko arriskua duela. 

Bisfenol-A, beste substantzia batzuekin batera, plastikoetan eta erretxinetan erabiltzen da; tartean, elikagaien eta edarien ontzietan. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, materialetatik janarira edo edarira joan daiteke, kantitate txikietan bada ere.

Ikerketetan, frogatu dute Bisfenol-Ak T linfozito laguntzailearen maila igoarazten duela arean, eta azaldu dute horrek hantura alergikoa eragin dezake biriketan, eta asaldura autoimmuneak. Horrez gain, ikusi zuten garapenean, ugalketan eta metabolismoan ere eragin dezakeela.

Hala, eguneroko ahorakin onargarria jaistea erabaki du EFSAk: 4 mikrogramotik 0,2 nanogramora, gorputzeko kilo bakoitzeko. Hau da, lehen baino 20.000 aldiz gutxiago.

Adierazi dutenez, egindako azterketetan, bisfenol-A duten produktuak kontsumitzen dituzten adin-tarte guztietako pertsonek gainditu dutela muga hori.

Edari azukretuetan

Bestalde, edari azukretuek urak baino 100 aldiz substantzia plastifikante gehiago dituztela jakinarazi du Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC). Environment International aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, plastifikanteak ohikoak dira edarietan, batez ere azukretuetan. Konposatu horien artean, 2-etilhexildifenil fosfatoa nabarmetzen da.

Organofosfatoak iraunkortasuna eta malgutasuna emateko gehitzen zaizkie plastikoei. Organismo bizidunetan, ordea, arazo neurologikoak, hormonalak, ugalkortasunekoak eta minbizia eragin dezakete. CISCek frogatu du aztertu dituzten edarien % 95k baino gehiagok zutela organofosfatoren bat. Gehien zituztenak kola-edariak ziren, gero fruta-zaporedun azukretuak, eta, gutxien, urak. Baieztatu dute plastifikanteen jatorria ez dela ontzia soilik, baizik eta baita azukrea bera ere.

Edarien bidez hartzen den plastifikante-dosia arrisku-mugatik behera badago ere, beste iturri batzuetatik ere hartzen ditugula ohartarazi dute, eta, beraz, kontuan izateko aholkatu dute.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila