James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

james-webb-teleskopioaren-lehen-irudiak-eta-datuak
SMACS 0723 kumulua. Arg. NASA, ESA, CSA, eta STScI

James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte: unibertsoari inoiz ateratako argazkirik sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak. “Kosmosaren ikuspegi berri eta iraultzaile bat”, Bill Nelson NASAKO administratzailearen esanean; “munduak inoiz izan ez duen ikuspegi bat”.

Lehenengo zabaldu duten irudian (goian) milaka galaxia ageri dira, tartean infragorrian inoiz behatu diren urrunenekoak. SMACS 0723 kumulua da, 4.600 milioi argi-urtera. Kumuluak lente gisa jokatzen du, eta, horri esker, askoz urrunago dauden galaxiak ere ikus daitezke atzean. “Argazki honekin 13.000 milioi urte atzera begiratu dugu unibertsoan”, azaldu du Bill Nelson NASAko administratzaileak.

Iazko abenduaren 25ean jaurti zuten, eta hilabeteko bidaian iritsi zen Lurretik 1,5 milioi kilometrora dagoen orbitara. Infragorrian lan egiten du teleskopioak, eta hautsezko eta gasezko hodei trinkoak zeharkatu, eta unibertso primitiboa behatzeko gaitasuna du; 13.500 milioi argi-urtera iristea dute helburu, lehen izarrei eta galaxiei behatzeko. Unibertsoa hedatzen ari denez, izar haiek igorritako erradiazio ultramorea eta ikusgaia aldatuz joan da, eta infragorrian iristen zaigu. Horixe da James Webb teleskopioak ikusten duena, inoizko bereizmen handienarekin.

Bestetik, espektroskopia da Webb teleskopioaren beste indargune bat. Eta horixe izan da, hain zuzen ere, aurkeztu duten bigarrena: WASP-96 b exoplaneta erraldoiaren espektroskopia-datuak. Datu horien bidez, ura detektatu dute exoplanetan, baita lanbroaren zantzuak eta atmosferan lainoak dituen ebidentzia ere, orain arte uste zenaren kontrara.

NGC 3132 nebulosa (Hego-eraztunaren nebulosa edo Zortzi Eztanden nebulosa). Ezkerrean, NIRCam kamerak infragorri hurbilean hartutako irudia; eskuinean, MIRI kamerak infragorri ertainean hartutakoa. Arg. NASA, ESA, CSA, eta STScI

NGC 3132 nebulosa (Hego-eraztunaren nebulosa edo Zortzi Eztanden nebulosa), erakutsi dute jarraian, bereizmen handiko irudian. Hilzorian dagoen izar baten inguruan hedatzen ari den gas-hodei erraldoia da, Lurretik 2.000 bat argi-urtera. Webbek bi kamerarekin atera dio argazkia: NIRCam kamerak infragorri hurbilean hartutako irudian izarrak eta haien argi-geruzak nabarmentzen dira; eta, MIRI kamerak infragorri ertainean hartutakoan, lehenengoz erakutsi du erdiguneko izar ahulena hautsez estalita dagoela.

Stephanen Boskotea galaxia-multzoa. Arg. NASA, ESA, CSA, eta STScI

Stephanen Boskotea galaxia-multzoaren irudi ikusgarria etorri da, ondoren. Lehenengo aurkitu zen galaxia-multzo trinkoa da (Édouard Jean-Marie Stephan, 1877); Taldeko bost galaxietatik lau dantza kosmiko bortitz batean lotuta dabiltza; tarteka, talka egiten dute, eta astro berriak sortzen dira. Webbek orain arte atera duen irudirik handiena da; mila argazki elkartuta osatu den mosaiko bat, 150 milioi pixel baino gehiago dituena. Inoiz ikusi gabeko xehetasunak erakusten ditu: izar gazte eta jaioberrien multzo distiratsuak; galaxien grabitazio-elkarrekintzen ondorioz luzatutako gasezko, hautsezko eta izarrezko isatsak; zulo beltz baten inguruko fluxuak; eta galaxietako batek (NGC 7318B) multzoaren kontra talka egitean sortutako talka-uhinak ere harrapatu ditu teleskopioak.

Gila nebulosako NGC 334 eskualdearen ertza. Arg. NASA, ESA, CSA, eta STScI

Azkenik, izar distiratsuz betetako “mendi” eta “haranen” paisaia bat; Gila nebulosako NGC 334 eskualdearen ertza da, non izar berriak sortzen ari diren. Labar kosmiko deitzen zaie egitura horiei, eta tontorrik garaienek 7 argi-urteko altuera dute.  Hain zuzen ere, orain arte ikusezinak ziren izarren jaiotza-guneak erakutsi ditu.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.