Noiztik erabiltzen duzue LASIK teknika zuen klinikan?
Pilareko Osasun Zentroan daukagun laserra oso berria da, urte honen hasieran erosia. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan duela 7 urte hasi zen teknika hau erabiltzen, Bilbon hain zuzen.
Zein paziente-mota da laser-ebakuntza egiten zaiona?
Bete beharreko lehen baldintza akats-errefraktibo egonkortua izatea da eta hori 18 urte inguruan gertatzen da; hala ere, nik nahiago dut 25 urte arte itxaron. Paziente gehienak 25-40 urte bitarteko miopeak dira, baina hipermetropia eta astigmatismoa geroz eta gehiago tratatzen ditugu. Lehengo laserrekin bi horiek ezin ziren ongi zuzendu, baina daukagun laser berriarekin oso emaitza onak lortzen ari gara.
Ba al dago laser bidezko tratamendu horiek Osakidetzan jasotzeko aukerarik?
Ez, printzipioz ez. Osakidetzak horrelako ebakuntzak kirurgia estetikoa direla kontsideratzen du eta, beraz, ez ditu bere zerbitzuen barnean sartzen. Akats errefraktiboak laser bidez zuzendu nahi dituenak zentro pribatuetara jo behar du nahitaez. Hala ere, Excimer laserra kornearen zenbait gaixotasun sendatzeko ere erabiltzen da eta halako zenbait kasutan Osakidetzan jaso daiteke tratamendua. Baina inoiz ez dioptriak kentzeko.
Duela gutxiko berria da Estatu Batuetako FDA batzorde ofizialak lehen Excimer laserra onetsi duela. Baina LASIKek ia 10 urte daramatza praktikan bai han eta bai beste leku askotan. Ez al da kontraesan handia?
Bai eta ez. FDAren inguruan interes ekonomiko handiak daude eta horien arabera laser bata edo bestea onetsiko dute, baina horrek ez du esan nahi laser hori merkatuan dagoen hoberena edo seguruena denik. Ni nahiko kritikoa naiz FDArekiko. Kontrola guztiz beharrezkoa da, ados nago, baina azken urteetan FDA ikerketarako eta teknologiaren garapenerako oztopo handia bihurtu da Estatu Batuetan, oftalmologiaren arloan behintzat eta hori ere ez da ona.
Zein da LASIK teknikaren segurtasun-maila?
LASIK teknika oso segurua da. Ebakuntzaren pauso guztiak ordenagailu bidez kontrolatuak daude eta oso-oso mekanikoa da; kirurgialariaren esku-hartzea minimoa da. Baina, eta hau argi utzi nahi dut, ebakuntza bat da eta, beraz, arriskuak baditu; nik ezin diot pazienteari % 100eko segurtasun-maila eskaini, gezurra esango bainioke. Izan ere, medikuntzan arriskua ez da inoiz % 0koa.
Hegoaldetik jende askok jotzen du Iparraldera horrelako ebakuntzak egiteko. Badirudi han esperientzia luzeagoa dagoela edo. Iparraldea erreferentzia al da Hegoaldearentzat?
Ez, guk hemen lortzen ditugun emaitzak hangoak bezain onak edo hobeak dira. Hegoaldean Bilbon hasi ginen laserrekin lanean 1993an, baina Donibane-Lohizunen Donostian baino lehenago jarri zuten lehen laserra eta, horregatik, Gipuzkoako jende askok erreferentzia bezala hartzen du Iparraldea. Baina gaur egun, guk daukagun laserra Donibane-Lohizunen dagoena baino hobea da, berriagoa delako soilik. Izan ere, arlo honetan ere teknologia oso azkar garatzen ari da.
Ba al dago laser-tratamendurik presbiziarentzat?
Ez, gaur egun ez dago presbizia zuzen dezakeen teknika egokirik. Badira hiru teknika, oso esperimentalak, eta ez dute emaitza onik, oraindik behintzat. Horregatik, guk ez ditugu erabiltzen.
Pazientearenzat tratamendu garestia da LASIK. Zenbat balio du laser-aparatuak?
Asko. Merkatuan dauden laser-aparatuek 50-60 milioitik gora balio dute eta kostu horri mantenimendua gehitu behar zaio. Bestalde, berrikunza teknologikoak etengabe agertzen ari dira eta horiek ere erosi beharrean gaude, eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitatea teknologiaren menpe baitago ia erabat. Zenbat eta laser hobea izan, hainbat eta emaitza hobeak lortuko ditugu.