ESAk jakinarazi duenez, dagoeneko aukeratu dute non “kometaratuko” den Rosetta ontziaren Philae zunda. J puntua izango da lekua, kometaren “buruan” dagoen eremu jakin bat.
Rosetta zundak abuztuaren 6tik 24ra, kometara hurbildu ahala, jasotako irudietan oinarritu dira lekua aukeratzeko. Bost hautagairen artean, aho batez aukeratu dute J puntua, seguruena hura delakoan. Ordezkoa ere aukeratu dute, C puntua.
Philae-k ehun kilo pisatzen ditu, eta hura 67P/Churyumov-Gerasimenko kometaren azalean jartzea “benetan zaila” dela aitortu dute ESAkoek. Operazioa azaroaren 11n egitea aurreikusten dute, eta, dena ondo ateratzen bada, parerik gabeko informazioa eskuratzeko aukera emango du, lehen aldiz jasoko baitira kometa baten datuak, azaletik bertatik. Besteak beste, kometaren jatorria, egitura eta bilakaera ezagutzea espero dute, eta J puntuaren azterketak jatorrizko materialei eta nukleoari buruzko informazio baliogarria eman dezakeela aurreratu dute.