Bi ikerketaren arabera, espaziotik datozen izpiek zerikusia dute Lurreko atmosferako ohiko prozesuekin. Ikerketa baten arabera, izpi kosmikoak beharrezkoak dira tximistak sortzeko, eta, bestearen arabera, hodeien sorreran hartzen dute parte.
Lehenengoa Floridako Institutu Teknologikoan egin dute. Haien ustez, tximisten sorreraren ohiko teoria ez da zuzena; teoriak dio ekaitzetan tentsio elektriko handiko guneak sortzen direla hodeietan, gune horietan askatzen direla elektroi-sortak atomoetatik, eta elektroi horien fluxuak osatzen duela tximista. Baina hodeietan ez da inoiz neurtu tentsio elektriko hori duen gunerik. Floridako ikertzaileen ustez, aldiz, izpi kosmikoen talken ondorioz askatzen dira elektroiak. Teoria berri hori ere frogatu gabe dago oraindik, baina, ustez, frogatzeko erraza izango da, izpi kosmikoek sakabanatzean eta talka egitean irrati-uhinak igortzen baitituzte, eta uhin horiek erraz neurtu baitaitezke.
Bigarren ikerketa Kopenhageko Unibertsitate Teknikoan egin dute. Talde horrek baieztatu du izpi kosmikoek hodeien sorreran parte hartzen dutela. Alde batetik, laborategian frogatu dute izpi-mota horiek ur-molekulen elkarketa-prozesua eragiten dutela (hodeien sortze-prozesuaren hasiera). Eta, bestetik, erregistroetan ikusi dute izpi kosmikoak asko urritzen direnean atmosferako hodei-kantitatea txikiagoa dela. Urritze handi horri Forbushen murrizketa esaten zaio; Eguzkiaren koroa-masaren eiekzio oso handiek pantaila moduan jokatzen dute, eta Lurra izpi kosmikoetatik babesten dute. Kopenhageko ikertzaileek aurkitu dute historikoki Forbushen murrizketak izan direnetan atmosferako hodei-kantitatea txikiagotu egin dela.