Izotzaren azpian ere bizidunak

Izotzaren azpian ere bizidunak
2009/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Benjamin Urmston)

Glaziar baten azpian bi milioi urte inguru daraman ekosistema bizi bat aurkitu dute Antartikan. Hain zuzen, Taylor glaziarrak estalitako aintzira batean dago ekosistema, 400 metroko izotz-geruza baten azpian. Ekosistema horretan gutxienez 17 mikroorganismo bizi direla ikusi du Hanoverko Dartmouth Eskolako ikertzaile-talde batek.

Ez dute indusketarik egin behar izan aintzirara iristeko. Aintzirak efluente bat dauka, Blood Falls izenekoa, eta tarteka borborka ateratzen da ura. Ikertzaile-taldeak sei urtez hartu ditu ateratzen zen uraren laginak, eta horiek aztertuta ikusi du han ere bizidunak daudela.

Aurkikuntza harrigarriena ez da bizidunak egotea; azken batean, Lurrean muturrekotzat jotzen ditugun beste hainbat kondiziotan ere egoten dira. Zientzialarientzat harrigarriena izan da jakitea nola moldatzen diren bizidunok bizitzeko beharrezko energia lortzeko. Uste dute sulfatoa --ur horretan oso ugaria dena-- katalizatzaile gisa erabiltzen dutela energia lortzeko erreakzio-kate konplexuan, eta burdina dela --oso ugaria hori ere-- elektroien azkeneko hartzailea. Biogeokimikari askok uste zuten hori gertatzea oso zaila zela, burdinak eta sulfatoak erreakzionatuta pirita sortzen baita.

1
254
2009
6
014
Mikrobiologia; Biokimika
Albisteak
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila